Venezuelako egoeraren berri jakin nahian jende asko hurbildu da Astrara
Agustin Otxotorena Venezuelan bizi den euskal enpresariak eman du Venezuelako egoerari buruzko hitzaldia Astran. Komunikabideetan agertzen ez den ikuspuntua landu du.
Venezuelako egoera politikoa izan zuten ardatz domekan, Gernika-Lumoko Astran. Agustin Otxotorena Venezuela bizi den euskal enpresariak hango egoera politikoari buruzko hitzaldia eman zuen, eta 140 pertsona inguru hurbildu ziren kulturaren fabrika sozialera.
Arduradunen berbetan, 1999. urtean Venezuelara joan zen Otxotorena, eta ordutik euskal enpresak Venezuelako gobernuagaz harremanetan jartzeaz arduratzen da; baita beste enpresa batzuekin ere. Azken 20 urteetan, hau da chavismoaren garaian bizi izan da Venezuelan, eta komunikabideetan agertzen ez den ikuspuntuaeman zuen Astran.
Komunikabideetan agertzen den Venezuela diktadura batekoa dela, preso politikoak daudela, ez dagoela janaririk eta armada hiltzailea dela esan zuen, baina bere ikuspuntua bestelakoa da; izan ere, Venezuela herri oso demokratikoa dela deritzo Otxotorenak. Maduroren portaera ere “oso demokratikoa” dela esan zuen hitzaldian.
Juan Guaidori buruz ere aritu ziren, eta Venezuelako politikaren nondik norakoak azaldu zituen Otxotorenak. Estatu kolpea egon daitekeela plazaratu zuen, eta oso kexkatuta agertu zen. Horrek, Estatu Batuak eta Europako zenbait herrialde kapitalista Guaidoren alde jartzea ekarriko lukeela esan zuen; beste aldean, berriz, Txina, Errusia edota India kokatu zituen.
Erantzun ona. Herritarren parte hartzea “ikaragarria” izan zela diote arduradunek, Astra bete egin zutela gogoraraziz. 140 pertsona inguru egon ziren, eta askok eta askok zeresana eduki zutela ere azaldu dute: “Galdera asko egin zituzten bertaratutakoek, eta hainbat eztabaida sortu ziren. Herritarren erantzuna eta inplikazioa oso handia izan zen”.
Hala, herritarren kexka nagusia estatu kolpea emateko aukera izateaz gain, komunikabideen “egiazkotasuna” izan zela aitortu dute antolatzaileek. “Komunikabideek Venezuelari buruz kontatzen dutenarekin alderatu zuten hitzaldia askok eta askok; oso kexkatuta agertu ziren”.
Astran domekan egin zuten hitzaldia, baina lehenago, Ean egon zen Otxotorena zapatuan. Kostaldeko herri txikian ere 30 pertsona gerturatu ziren. Horiek baino lehen, Gasteizen, Burgosen eta Miranda de Ebron eman ditu hitzaldiak, eta batzar gela guztiak bete ditu.