Sprint_Inn ekimenaren bigarren fasean hartu du parte Ana Polak
Sprint_Inn ekimenaren formakuntza bukatzerakoan bere proiektua martxan jarri gura du Ana Pola bermeotarrak; Programazio Neurolinguistiko eta hipnosi online eskola sortzea da bere helburua.
Ana Pola bermeotarrak Sprint_Inn proiektuaren bigarren fasean hartu du parte. Berrikuntzaren eta metodologia berrien bitartez negozio ideiak azaleratzea eta ekintzailetza ekosistemako eragile nagusiekin kontaktuan jartzea da Sprint_Inn proiektuaren helburu nagusia, eta figarren fasea burutu dute dagoenerako.
Nere Mintegi eta Iraide Egireun Bermeoaldeko Behargintzako ordezkariekin batera Madrilen egon da Pola, eta definizio eta bizkortze zerbitzua jaso dute Madrilgo Google Spacen. Lehenengo fasean Sprint metodologia aplikatu zuten, eta arazoei aurre egiten ikasi zuten. Hala, ideia berriak bost egunetan probatzen ikasi zuten. Bigarren fase honetan, berriz, bizkortze zerbitzua jaso dute Tetuan Valleyen eskutik. Bakoitzak bere proiektua hiru minututan eraginkortasunez azaltzen ikasi du. Aholkulari adituen laguntza jasota, aurkezpen bakoitzak izan beharreko atalak zehaztu eta zelan landu behar diren ikasi dute Espainiako hiriburuan bildutako Sprint_Inn-eko hautagaiek.
Emakumeei laguntzeko plataforma. Ekimen berritzailean ikasitakoak bere proiektuan ezarriko ditu bermeotarrak, eta jaso beharreko formakuntza bukatutakoan, bere lana aurrera eramateko asmoa daukala argitu du.
Programazio Neurolinguistiko eta hipnosi online eskola sortzea da bermeotarraren asmoa, eta plataformaren izena Wovicom izango dela erabaki du dagoenerako. Eskola ikastaro espezializatuak emango ditu, eta hazi nahi duten emakumeei zuzenduta egongo dela jakinarazi du. Online plataforma horren bitartez emakumeei laguntzeko tresnak eskaini gura ditu; hala, formakuntzak ezeze, blogak ere betuko ditu bertan. Aurreratu duenez, lanbide ezberdinetako emakumeen laguntza jasoko du plataforma hornitzeko.
Pola Nazioarteko Harremanetan, ikasketa diplomatikoetan eta garapen ikasketetan lizentziaduna da Londreseko Metropolitan Universityn, eta azken hamabost urteetan bere ikerketa eremu nagusia programazio neurolinguistikoa izan da; John Grinder hizkuntzalari adituagaz jaso du formakuntza.