Santanape kiroldegiaren kanpoaldea berriztu du udalak
Santanape kiroldegiko teilatua eraberritu eta gero, kanpoaldearen txanda izan da oraingoan. Kirol azpiegiturak hobetzeko planagaz jarraitzen dutela adierazi dute udal arduradunek.
Gernika-Lumoko kirol azpiegiturak hobetzeko planagaz jarraitzen du udalak, eta burutu duten azken lana Santanape kiroldegiaren kanpoaldea berritzea izan da.
Kiroldegiko teilatua eraberritu eta gero, kanpoaldearen txanda izan da oraingoan; okre eta urdin koloreekin margotu eta itxura berritu dute. Lan hori, kiroldegiaren irudia “hobetzearren” egin dutela arrazoitu dute udal ordezkariek.
Obra honegaz, udalak eutsi egiten die kirol instalakuntza horretan egindako beste lan batzuei. Izan ere, orain arte kiroldegiko frontoia eraberritu dute, zoladura berria jarri dute, gimnasia lekuko sarbideak hobetu dituzte eta gimnasia aparailu berriak jarri dituzte. Lan horiez gain, udalak Malosteko kiroldegia ere eraberritu duela azken urteetan gogorarazi dute arduradunek: kanpoaldea margotu eta horman argazki bi jarri dituzte, 156 pertsona gehiagorentzako harmaila osagarriak jarri dituzte eta prentsa gela bat egin dute.