Konpondu dute Ibarrangeluko Akorda auzoko errepidea
Proiektua iazko martxoan aurkeztu zien Ibarrangeluko Udalak herritarrei, eta dagoenerako konponduta dute ibilbidea. Akordara doan errepidea oso estua zen, eta ibilgailuen joan-etorria erraztu asmoz bidea apur bat zabaltzea erabaki zuten.
Konponduta dago dagoenerako Ibarrangeluko Akorda auzoko errepidea. Iazko martxoan Bizkaiko Foru Aldundiak onartu egin zuen aspalditik aurreikusita zegoen proiektua, eta aurten bukatu dituzte lanok. Horiek burutzeko, 253.354,01 euroko aurrekontua aurreikusi zuen aldundiak.
Akordara doan errepidea oso estua zen, eta ibilgailuen joan-etorria erraztu asmoz bidea apur bat zabaltzea erabaki zuten. Ezkerreko aldetik urak hartzeko areka jarri dute, eta 0,50 zentimetro zabaldu dute bidea. Eskumako aldean, berriz, sei baztergune egin dituzte; gutxi gorabehera 300 metrotik 300 metrora daude kokatuta. Baztergune horietako bakoitzak 15 metro inguru ditu luzeeran, eta zabaleran, berriz, 2,5 metro. Goiko aldean dagoena, baina, desberdina da, horma txiki bat jarri diotelako.
Herritarren ekarpenak. Proiektua aurrera eramateko herritarren iritzi eta ekarpenak jaso zituen Ibarrangeluko Udalak, eta horiek aldundira bideratu zituen. Besteren artean, ibilbidean zeuden bihurguneak kentzea eskatu zuten auzotarrek. Ekarpen guzti horiek iazko martxoko Osoko Bilkuran jaso zituzten; lehenengoz egin zuten bilkura Akordan, eta jendez bete zen auzoko taberna.