Inflexio puntutzat hartu dute Euskaraldia eatarrek
Euskararen erabilera sustatzeko ariketa soziala euskararentzako "mesedegarria" eta "beharrezkoa" izan dela diote eatar batzuek. Orain, aurrera begira jarri dira, eta erronka berriak ikusten dituzte.
Eako herritarren laurdenak parte zuen iaz Euskaraldiko ’11 egun euskaraz!’ ekimenean; eatarren %24,9k hain zuzen. Euskararen erabilera sustatzeko ariketa soziala euskararentzako “mesedegarria” eta “beharrezkoa” izan dela diote eatar batzuek. Inflexio puntua izan dela da Euskaraldia eatarrentzat, eta orain, aurrera begira jarri dira. Erronka berriak bistaratu dituzte dagoenerako, eta horietako bat euskararen erabilera egunerokoan txertatzea dela diote.
Eskolondon elkartu dira gaur eguerdian Euskaraldian parte hartu duten zenbait herritar, eta Kike Amonarrizegaz batera, euskara bultzatzea helburu duen ariketaren balorazioa egin dute. Guztira 220.000 lagun izan dira Euskal Herrian Euskaraldiagaz bat egin dutenak, baina datu horiei “behar besteko” garrantzia soilik eman behar zaiela azaldu du Amonarrizek: “220.000 pertsonak parte hartu dute, baina datu hori baino garrantzitsuagoa izan da Euskaraldiak herritarrengan izan duen eragin soziala”.
Guztira 212 parte hartzaile egon dira Ean, 197 ahobizi eta 15 belarriprest. Datu horiek Euskal Herri mailako datuekin bat egiten dutela dio euskal filologoak: “Errazago iritsi gara ahobiziengana, kopuruz ere gehiago dira-eta”. Generoaren arabera, euskalgintzan “feminizazioa” eman dela deritzo Amonarrizek; izan ere, orokorrean parte hartu dutenetatik %62 izan dira emakumeak; Ean %56,1 hain zuzen. “Izena eman duten hiru pertsonatik bi emakumeak izan dira, eta ez da normala generoen arteko desoreka hori”, aitortu du Amonarrizek. Adinaren arabera, berriz, ez dela desorekarik egon aipatu du, eta gazteen eta emakumeen parte hartzea nabarmendu du. Eatarrek, euren aldetik, herriko gazte gutxik parte hartu dutela diote. Datuen arabera, %12 izan dira 19 eta 26 urte bitarteko herritarrak, eta Euskal Herri mailan %24koa da bataz besteko hori.
Euskaraldiagaz “inertziak apurtzea” bilatu dute antolatzaileek, hau da aldekotasun sinbolikotik urrats praktikoetara igarotzea. Pertsonen hizkuntza ohiturak aldatzen saiatzea, eta egunerokoan eragitea bilatu dute, baina hori norberaren erabakia izan dela zehaztu du Amonarrizek. Gainera, tokian tokiko euskaltzaleen sareak aktibatu eta indartu gura izan dituzte. Azken hori lortu dutelakoan dago euskal filologoa.
“Balitekete Euskaraldia Europan inoiz egin den erabilera sustatzeko ekintzarik handienetako bat izatea”, dio Amonarrizek. Gainera, euskararen ulermenari behar zuen garrantzia eta dimentsioa ematea lortu dutela aitortu du.
Eskolondon batutakoei Euskaraldia deskribatzeko eskatu die euskal filologoak, eta denetariko hausnarketak egin dituzte. Herrian edo herriarentzako Euskaraldia bakarra, erraldoia, mesedegarria, beharrezkoa… izan dela agertu dute bertan batutakoek. Harremanak bultzatu dituela diote batzuek, eta euskarari astindua emateko baliagarria izan dela beste batzuek. Badira gazi-gozotzat hartu dutenak ere, izan ere, ariketa bukatutakoan euskararen egoera udalerrian “berdintsu” geratu dela arrazoitu dute.
Hala, Euskaraldia ezin dela Eara mugatuta geratu ikusi dute herritarrek, eta lortutakoak herritik haratago zabaltzera animatu ditu Amonarrizek. Etorkizunean, euskararen erabilera bultzatzeko “lan asko” dagoela egiteko badakite eatarrek, eta hala adierazi dute gaurkoan. Hurrengo urteetan eginbeharrekoak zeintzuk diren ere ikusi dituzte.
Ohiturak urte osoan mantendu behar direla esan dute, eta horretarako metodologia lantzeko beharra ikusi dute askok eta askok. Hala elkarlanean, herritarren aktibaziorako lan egin behar dela ohartu dira. Orain arte egindakoak aztertuta behar dituzte, eta horretarako, herritarrak elkartzea beharrezkoa dela diote.
Uda garaian asko dira Eara hurbiltzen diren udatiarrak, eta sasoi horretan euskara mantendu egin behar dela argi geratu da. Kuadrilan, auzoan, klasean edota tabernan gazte eta nagusiak euskara gehiago erabiltzera animatu gura dituzte, baina badakite kontzientziazioa eta prestaketa lana beharrezkoak direla hori lortzeko.
Esperientzia pertsonalak. Esperientzia pertsonalak kontatzeko unea ere egon da gaur Eskolondon. “Betiko moduan” bizi dutela Euskaraldia esan dute eatarrek, eta zenbait esperientzia ere azaldu dituzte. Euskaraz hitz egiten ez zekitela imaginatzen zuten askok eta askok eman dizkiete ezustekoak hainbat herritarrei. “Madrilen bizi den politikari batek euskaraz hitz egin zidan, eta ez nuen espero horrelakorik”, azaldu du emakume batek.
Bedaru auzoko bizilagunak, bere aldetik, familiako egunerokoa euskaraz egiten dutela azaldu du, eta euren euskaraldia belarriprest izan duten esperientziagaz lortzen dute: “Auzoan bizi den belarripresten esperientziagaz lotzen dugu Euskaraldia. Ariketa sozialak berarengana gerturatu digu, eta harremanak sendotu ditugu”.
Herriko belarriprest batek, bera egunero dela belarripresta esan du. Txapagaz 11 egun egin zituen, eta euskaraz hitz egiten jarraitzen duela dio. “Zaila izan zen niretzako, orain dela lau urte hasi bainintzen euskara ikasten”, azaldu du.
Beste batzuen ustez, Euskaraldia inflexio puntu bat izan da kontzientzia hartzeko: “Danok dakigu euskaraz, zergatik gehiago ez dugu bultzatzen? Hausnarketa egin dugu, baina oraindik hori aldatzeko pausoak ematea falta zaigu”.
Aurrera begira. Euskaraldiak bi urteko zikloak izango ditu, beraz hurrengo ariketa sozial masiboa 2020an izzngo dela aurreratu du Amonarrizek. Gainera, norbanakoak eta entitateak hartuko ditu hurrengo urtean, baina bitartean, prestakuntza eta pedagogia soziala egiten jarraituko dutela adierazi du.
11 egun hartu ditu aurten Euskaraldiak, hurrengoan baina, egun gehiago aurreikusten direla esan du Amonarrizek. “Iaz asteburuak izan ziren momentu garrantzitsuenak, kalean euskararen erabilera bultzatu nahi genuelako. Aurten, baina, entitateetan eragitea bilatzen dugunez, aste egunak izango dira garrantzitsuenak”. Gainera, horiei iazkoa baino konpromiso handiagoa eskatuko zaiela azaldu du.