Jon Lopategi bertsolari muxikarra hil da
Euskal Herriko bertsolari txapelketa irabazi zuen 1989an, eta lau aldiz izan zen Bizkaiko txapelduna. Bertsolaritzaren transmisioaren erreferentea izan da. Bihar egingo diote hileta elizkizuna 18:00etan Ariatza auzoko Santa Kurtze eliz-parrokian.
Jon Lopategi Lauzirika Baltza Muxikan jaio zen 1934ko martxoaren 4an. 1958an lehenengoz aritu zen plazan Gernika-Lumon, eta frankismoaren azken urteetan hasi zen nabarmentzen bertsolari gisa. Gehienetan Jon Azpillaga lagun zuela ibili zen. Bihar egingo diote hileta elizkizuna 18:00etan Ariatza auzoko Santa Kurtze eliz-parrokian.
Bizkaiko txapelketa irabazi zuen lau aldiz Lopategik, 1962, 1964, 1966 eta 1987. urteetan. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian ere gailendu zen 1989an, eta txapeldunorde izan zen 1982an eta 1986an.
1993. urtean, berriz, Euskal Herriko bertsolari onena izan zen Andoni Egañari txapela jantzi zion; hori izan zen Egañak lortutako lehenengoa. Ohorezko euskaltzain ere izendatu zuen Euskaltzaindiak.
Bertso irakasle. Lortu zuen bertso maila altuarengatik egin zen ezagun Lopategi, baina bertso munduan bertso eskoletan egindako lanarengatik izan da estimatua. 50 urte beteta zituela, 1984tik aurrera, bertsolaritza irakasle lanetan aritu zen, eta 90eko hamarkadan goi mailara iritsi diren bertsolari bizkaitar gehienak Lopategik irakatsitakoak izan dira.
Herriz herri eta ikastetxez ikastetxe bere jakinduria eta bertsoarekiko zaletasuna zabaltzen ibili zen muxikarra. Gaur, Lopategi hil dela jakin denean, hainbat esker oneko mezu zabaldu dituzte haren ikasle ohiek eta ezagun izan zutenek. Bere lana mirestu dute, eta berak emandako guztia eskertu diote.
Eskualdeko bertsolariek esker ona adierazi diote Lopategiri, “bertsoari buruz erakutsitako guztiagatik”. Ander Elortegik gazteek ere bere berri izango dutela gehitu du. Zihara Enbeitak Kanpantxuko eskolan Lopategigaz egiten zituzten bertso egonaldiak gogoan izan ditu sare sozialetan. Josu Goikoetxeak, berriz, haren izaera abertzalea, euskaltzalea, hurrekoa, konplexua eta “jeniala” nabarmendu ditu, eta euren euskalduntasunaren zati handi bat hari zor diotela gaineratu du.
Busturialdeko bertsolarien maisu ez ezik, Bizkaiko bertsolari askoren irakasle eta bidelagun izan da. Unai Iturriagak irakasle ona eta bizitzan arrastoa utzi diona izan dela adierazi du. Igor Elortzak ere esker oneko berbak izan ditu muxikarrarentzat, “hegoak eman, hegaz egiten irakatsi eta haizetara askatzeagatik“.
Jone Uria bertsolari bizkaitarra ere Lopategigaz gogoratu da: “Transmisioa tokian tokikoa eta belaunalditik belaunaldirakoa baino, herrialde mailan eta beulanaldiro beharrezkoa zenean, han izan zintugun zu. Horretan ere maisu. Eskerrik asko erraldoi bat, Jon”. Halaber, Jon Maiak beretzat eredu izan dela eta beragaz kantatzea ohore izan dela aitortu du gaurkoan.