Artea bera familian sortzen denean
Gernika-Lumoko familia batetako zazpi kideren artelanak bildu ditu otsailean kultur etxean ipini duten erakusketak: ‘Abauntzatarrak, Gernikako familia bat, artearekin lotuta’.
rtista izatearena odolean daramatenak badira, eta Gernika-Lumon horren adibide izan daiteke Abauntzatarren familia. Zaletasun bat, eta adierazpide asko. Artearekin lotutako familia da beraiena, eta euren lanak biltzen dituen erakusketa ipini dute ikusgai Gernika-Lumoko kultur etxean: Abauntzatarrak. Gernikako familia bat, artearekin lotuta. Aste honetan inauguratu dute. eta hilaren 26a bitartean bisitatu ahal izango da.
Familia horretako zazpi pertsonaren artelanak osatzen dute erakusketaren lagina. Fernando, Ricardo, Eduardo, Javier, Lander eta Iñigo. Denak ere, Abaunza. Horien obrekin batera, Fernando aitaren hiru lan ere bildu dituzte obren artean. 50 koadro, argazki eta margolan baino gehiago eta egurra landuz sortutako lanak dira kultur etxeko erakusketa gela bete dutenak.
Erakusketa hau, gainera, berezia da Gernika-Lumoko Kultur Etxearentzat, herriko eta familia bereko hainbat artista biltzen dituen erakusketa izateaz gain, erakunde horretako zuzendari izandakoa baita horietako bat: Ricardo Abaunza.
Abizen bat, estilo ugari. Zuri-beltzean zein koloreak erabiliz, erretratuak, errealismoa erakusten duten pinturak zein margolanak, eta lan abstraktoak. Mihise gainean,pintzelkadaka zein arkatzarekin margotutako koadroak, argazkigintza landuz sortutako obrak… Artista bakoitzak bere estiloa landu du Abauntzatarren familian.
Eta zurgintzari emandako kidea ere bada familia horretan: Javier Abaunza. Preso gernikarrak gatibu duten Lannemezan (Frantzia) kartzelan egindako lanak eskaini ditu Gernika-Lumon erakusten ipintzeko.
Fernando eta Ricardo, bestalde, beste adierazpide batzuk probatu arren, pintura izan dute lanerako oinarri. Argizaria eta argazkia landu ditu Eduardok, eta argazkigintza dute oinarri, baita, Iñigoren collageak –ilustrazioak ere egiten ditu–. Lander, berriz, pintura irakaslea eta tatuaje egile profesionala den arren, marrazkia eta graffitia ere baditu gustuko.