100 batel inguruk parte hartuko dute Bizkaiko Batel Ligako lehen jardunaldian
Busturialdeko arraunlariek ordezkaritza zabala edukiko dute lehen jardunaldian. Sestaoko Benedicta eramuan jokatuko da domekan norgehiagoka.
Busturialdeko arraunlariak prest daude Bizkaiko Batel Ligari hasiera emateko. Aurreko asteburuan liga hasi aurreko jardunaldia ezin izan zuten jokatu, eguraldi txarragatik eta itsas denboraleagatik. Etzi, berriz, lehen jardunaldia jokatuko dute 10:30ean hasita, Sestaoko Benedicta eremuan. Bizkaiko Arraun
Federakuntzak jakitera eman duenez, Bizkaiko arraun klubetako 100 bat batelek parte hartzea espero dute.
Lea-Artibai eta Busturialdeko taldeetako arraunlariek, hain zuzen, ordezkaritza zabala izango dute lehen jardunaldian. Denetara, Ondarroa, Lekeitio, Mundaka, Elantxobe eta Bermeoko 50 ontzik parte hartuko dute norgehiagokan. Zerrenda horretatik 19 Ondarroako, 13 Lekeitioko, 7 Mundakako, 6 Elantxobeko eta 5 Bermeoko talde ariko dira zein baino zein gehiago.
Lehiari dagokionez, maila bakoitzari egokitutako ibilbidea egin beharko dute kategoria bakoitzeko arraunlariek. Egin beharreko lana honakoa izango da: Alebinek luze bat egin beharko dute 500 metroko estropada eremuan, haur mailakoek bi luze eta ziaboga bat 1.000 metroko estropada eremuan, kadete mailakoek hiru luze eta bi ziaboga 1.500 metroko estropada eremuan, eta gazte eta absolutu mailan 2.000 metroko estropada eremua izango dute, lau luze eta hiru ziaboga egiteko.