Olatz Arrizabalaga gernikarrak garaipenagaz hasi du Emakume Master Cup
Lehen Mailako txapelketa domekan hasi zuten Murgian. Arrizabalaga Iera Agirre leitzarragaz ari da jokatzen.
Olatz Arrizabalaga gernikarrak eta Iera Agirre leitzarrak ezin hobeto hasi dute Emakume Master Cup. Hain zuzen, Murgian lehiatu zuten txapelketako lehen jardunaldia, domekan, eta Arrizabalagak eta Agirrek 18-12 irabazi zieten Maite eta Olatz Ruiz de Larramendi izeba-ilobei. Ruiz de Larramenditarrak aurre egiten saiatu ziren, baina, partidu amaiera hurbildu ahala amore eman behar izan zuten.
Lehen mailako pilotarien bi partidu hartu zituen Murgiako frontoiak; A taldeko bat eta B taldeko beste bat. Biak ala biak neurketa parekatuak eta berdinduak izan zirela azpimarratu dute Emakume Master Cupseko ordezkariek.
Beste partiduan aritu zen Arrizabalagagaz iaz txapelketa irabazi zuen Leire Etxaniz, eta hark ere garaipenagaz hasi du txapelketa ( A taldean dago Etxaniz eta B taldean dago Arrizabalaga). Etxebarritarra Leire Garai gasteiztarragaz ari da jokatzen. Aurkari gogorren kontra garaipena eskuratuta, ekin diote txapelketari. Arabar gazteak eta egungo binakako txapeldunak 18-11 mendean hartu zituzten Patri Espinar eta Miriam Arrillagari. Partidu nahikoa borrokatua izan zen.
Bestalde, Promozio mailako hiru norgehiagoka lehiatu zituzten. Emakume Master Cupeko arduradunen berbetan, partidu “ikusgarriak” egon ziren, eta bereziki luzea eta lehiatua izan zen Oihana Orbegozo-Alaitz Badiola gipuzkoarren eta Enara Gaminde-Nagore Bilbao bizkaitarren artekoa. Tantu bakarreko aldeagaz Laukizkoak nagusitu ziren, hurrengo kanporaketa sailkatzeko txartela eskuratuz.
Domeka honetan (otsailak 10) Sodupeko pilotalekuan jarraituko du txapelketak.
Pilotariak. Sei bikotek lehiatuko dute Lehen Mailako txapelketa, bi multzotan banatuta. Talde bakoitzean ligaxka bat jokatuko da, denak denen aurka.