Gautegiz Arteagako udal aurrekontua %9,21 igo da aurten
933.207,21 eurotako aurrekontua onartu du Gautegiz Arteagako Udalak. Herriko irisgarritasuna hobetzea da udalaren helburu nagusienetako bat; batez ere, erdi erdigunea hobetzea.
Iaz baino 86.001 euro gehiago izango ditu Gautegiz Arteagako Udalak herriaren kudeaketarako. Izan ere, 933.207,21 eurotako aurrekontua edukiko du. 2019ko urtarrileko osoko bilkuran eman zioten onespena aurrekontuari.
Azaldu dutenez, autengo aurrekontuaren lehentasunak herria dinamizatzea eta herritarren ongizateari laguntzea dira. Hala, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra egiteko edota kultura eta kirol jarduerak bultzatzeko 164.217,03 eurotako inbertsio erreala zehaztu dute.
HAPOaren egokitzapen prozesurako zuzendutako inbertsioa nabarmena da; 62.800 eurotako diru saila aurreikusi dute horretarako. Udal aduradunek zehaztu dutenez, etorkizuneko beharrizanetara egokitutako herria edukitzeko lan egiten dute, eta horretarako HAPOra bideratutako diru saila ezinbestekoa da.
Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkatearen berbetan, herriko irisgarritasuna hobetzea “beti” izan da udalaren helburu garrantzitsuena: “Agintaldi guztian irisgarritasuna hobetzea izan da etengabeko helburua, eta aurtengo aurrekontuetan ere diru sail garrantzitsu bat bideratuko dugu horretarako”. Besteren artean, Zelaieta kaleko espaloia hobetzeko lanetan 50.000 euro inbertitzea aurreikusi dute, “herriko kale nagusia delako”.
Bideen garbiketarako 12.000 euro aurreikusi dituzte.
Udal zerbitzu garrantzitsuenak mantentzeak 113.000 eurotako diru saila suposatuko du. Horregaz, gizarte zerbitzuak mantenduko dituzte, bai eta uraren hornikuntza eta saneamendua, eta hondakinen bilketa eta kudeaketa ere. Jarduera horiek herritarren ongizaterako “ezinbestekoak” direla diote udal arduradunek.
Merkataritza txikiari laguntzeko, berriz, 4.000 euro erabiliko ditu.
Kirol eta kultur zerbitzuak. 2019an iaz eman ziren zerbitzuak ere mantenduko dira, eta horietako bakoitza bultzatzeko aurrekontua zehaztu dute. Naberanen iritziz herria eta herritarrak dinamizatu behar dira: “Herria bizirik egotea, herritarren artean harremanak sendotzea eta euren inplikazioa lortzea gobernu taldeko helburua da”. Hala, herriko dinamizazio sozio kulturala kirol jardueren bitartez bultzatzeko 24.000 euro bideratu dituzte. Kulturaren sustapenerako, berriz, 23.500 euro. Kultur Etxeko zerbitzuak bermatzeko 15.424 euro erabiliko dituzte, eta haurrentzako udaleku eta negulekuak bultzatzeko, berriz, 17.100 euro.
Gautegiz Arteagako Udalak kultur eta kiroldegi zerbitzu osagarriak eskura jarri nahi dizkie herritarrei. Horretarako, herrikoak ez diren instalazioak edota udal zerbitzuak erabiltzeagatik arteagatarrek ordaindu behar dituzten gehigarriak ordaintzen laguntzeko diru saila 13.1oo eurotan mantenduko du udalak. Gautegiz Arteagakoak ez diren kiroldegi publikoak, euskara ikastaroak, musika eskola publikoak eta udal haurreskolak erabiltzeagatik lagunduko ditu herritarrak.
Gainera, udal aurrekontuan herriko kirol eta kultur elkarteentzako diru lagutzak ere zehaztu dituzte; 8.000 euroko zenbatekoa zuzenduko dute herriko elkarteentzako. Kanalako Gizarte Etxerako 6.000 euroko laguntza aurreikusi dute; 2.000 euro mantenimendurako eta 4.000 kontserbazio lanetarako. Kanalako Jai Batzordeari, berriz, jaiak antolatzeko 1.900 euroko diru laguntza emango diote.