Euskararen kaleko erabilera bultzatu gura dute Gernika-Lumon
Euskararen kaleko erabilera bultzatzea da Gernika-Lumoko Euskara Sustatzeko Estrategia Planaren ardatz nagusia. Hori lortzeko, hainbat ekintza berri aurreikusi dituzte hurrengo lau urteetarako.
Euskararen kaleko erabilera bultzatzea da Gernika-Lumoko Euskara Sustatzeko Estrategia Planaren ardatz nagusia. Hori lortzeko, hainbat ekintza berri aurreikusi dituzte hurrengo lau urteetarako. Aurrekontuaren zati handiena ere euskararen erabilerara bideratuko dute.
“Euskararen normalizazioa helburu hartuta euskararentzat arnasguneak diren ekintzak sortu ditugu guztion artean, partaidetza prozesu baten bidez”, adierazi dute Euskara Batzordeko ordezkariek. Izan ere, euskarak Gernika-Lumon “hutsuneak” dituen egoeretan baldintza egokiak finkatu gura izan dituzte. “Aurretik duguna egiteko zeregin erraldoia da, baina euskara plana errealitatera egokitu dugu”, dio Marisa Aldamizetxebarria euskara zinegotziak.
Azkenengo urteetan euskararen erabilera lau puntutan jaitsi da Gernika-Lumon; azken neurketen arabera, herritarren %50k erabiltzen du euskara kalean. Hala, ESEParen erronka nagusia euskararen erabilera bultzatzea da, baina batez ere gazte eta helduen artean. Azken sei urteetan gazte eta nagusien euskararen kaleko erabilera asko jaitsi da-eta. Udaleko euskara teknikariek jakinarazi dutenez, euskararen ezagutza udalerrian %70ekoa da.
Zehaztutako ekintzak. Datu horiek kontuan hartuta, euskara bultzatzeko Zer fata da? galderari erantzuten saiatu dira batzarretan parte hartu duten herritarrak. Horrela zehaztu dituzte, hain zuzen, hurrengo lau urteetako egin beharrekoak. 2019 eta 2022 urte bitartean egingo diren ekintza batzuk berritzaileak izango dira, beste batzuk, berriz, dagoeneko badaudenak.
Ekintza gehienak sentsibilizazio eta motibazio arloan jorratuko dituzte, “hori baita euskararen erabilera bultzatzeagaz zuzeneko lotura duen arloa”. 35 zeregin prestatu dituzte arlo horretarako, eta horietako bost berriak izango dira. Besteren artean, “Bikote linguistikoa” egitasmoa bultzatu gura dute arduradunek: “Etorkinekin euskara lantzeko balioko du egitasmoak, baita ere Berbatrukeko laguntzaileekin sentsibilizazioa lantzeko”. Adineko herritarrentzako ikastaroak euskaraz antolatzea ere aurreikusi dute.
Euskararen jabekuntzagaz zerikusia duen arlo estrategikorako programa berritzailea sortu dute. 27 ekintzetatik zazpi izango dira berriak. Horien artean, guraso eskoletarako ohitura tailerrak eta normalkuntza planak egitea aurreikusi dute. Bai eta ikasleak Berbalagunera bideratzeko modua bilatzea ere.
Bigarren eskuko azoka hilero egitea, kultur ekintzei begirako hizkuntza irizpideak lantzea edota liburuaren eguna bezalako ekintzak ere egin gura dituzte. 118 ekintza pentsatu dituzte hurrengo lau urteetarako, eta horietatik 23 dira berriak.
Aurrekontua. Gernika-Lumoko Udalaren euskara batzordeak izan duen aurrekontuaren bilakaera handia izan da azken urteetan. 2003. urtetik gaur egunera arte, bikoiztu egin da: 600.000 euro izan ditu 2018. urtean. Euskara Batzordeko teknikarien esanetan, euskararen erabilerak izango du aurrekontuaren zati handiena, “beste helburu estrategikoak ahaztu gabe”.