Bermeoko udal azoka erakargarriagoa egiteko lanak egiten ari dira
Lanak direla eta, martxoaren 4an, 5ean eta 6an udal azoka ixtea aurreikusten du Bermeoko Udalak.
Bermeoko Udalak herriko azoka “biziberritzeko” apustuagaz jarraituko duela adierazi du, eta horretarako hainbat lan egingo dituzte gunean.
Zehaztu duenez, plazako zorua egokitzeko lanak egingo dituzte eta horiekin batera azoka erdian dagoen argi zuloa kenduko dute. Lan horiekin hezetasunak saihestu nahi dituzte, baina aldi berean azokari irudi berri bat ematea da udalaren helburua.
Jakitera eman dutenez, dagoeneko hasi dira lanekin. Horiek direla eta, martxoaren 4an, 5ean eta 6an udal azoka ixtea aurreikusten dute. Data horietan aldaketarik balego, herritarrei informazioa helaraziko dietela argitu dute.
Zorua berriztatzerako orduan, “tratamendu berezi bat” emango diotela nabarmendu dute, izan ere, zoladura hiru geruzadun sistemakoa izango da: Lehenengo poliuretanozko inprimazio elastikoa jarriko dute, gero poliureazko mintz bat eta gainean poliuretanozko berniza.
Ikusketak eta konponketak. Saneamendu sareari dagokionez, kainu-zulo guztiak ikuskatuko dituzte, horiek garbitu eta, beharrezkoak diren kasuetan, konponketak egingo dituzte. Era berean, argi zuloaren goiko estruktura eraitsiko dute, zuloa berreraikiz eta itxiz, udal azokak espazioa irabazteko.
Irune Ormaetxea Bermeoko Merkataritza eta Garapen zinegotziak azaldu duenez, “proiektu honek bezeroen eta saltzaileen beharrizanak izango ditu kontuan. Azokak erakusten duen estetikan “eragin positiboa” eduki nahi dutela dio zinegotziak, “aurkezpen komertziala hobetuz eta bezeroentzat erakargarriagoa bihurtuz”. Horrez gain, “azokako erabiltzaileen erosotasuna hobetu” nahi dute, baita “merkatu kuota zabaldu, kontsumitzaile segmentu berriak erakarriz”.
Ormaetxearen berbetan, “kontsumitzaileengan emozio positiboak eta konfiantzazkoak eragin nahi ditugu, irisgarritasuna, konforta eta ingurumen erantzukizuna bermatuz”. Azokak daukan irudia “bereizgarria” izatea bilatuko dute, barnealdea “atseginagoa bihurtuz”.
Azoka biziberrituz. Udalak Bermeoko azoka biziberritzeko plangintzaren barnean aurkitzen dira aipatutako lanak. Horiez gain, hainbat ekimen jarri dituzte martxan: “diagnostikoa, aparkalekuak, azoka bereziak, udal azokako ordenantzaren gaurkotzea ekintzaileak erakartzeko, udal azoka seinaleztatzen duen kanpoko mural izugarria, azokaren argiztapen berria eta barneko sabaian margotutako murala, Gabonetako ekintzak eta beste hobekuntza batzuk egingo ditugu”.
Bukatzeko, plaza indartzeagaz batera “sasoiko tokiko produktuak kontsumitzearen garrantzia azpimarratu” nahi du udalak, “baserritarren onurarako delako eta gure elikadura ere hobetzen duelako”.