Txakurrak ardatz dituen kanpaina zabalduko du Bermibusek
'Zure txakurra, zure ardura' kanpainaren leloa eta irudia jarri dituzte autobusetan.
Bermibusek Zure txakurra, zure ardura kanpainaren irudia zabalduko duela iragarri du Bermeoko Udalak.
Egitasmoaren helburu nagusia txakurrak kontrolpean izan eta herria garbi mantentzea dela azaldu dute udaleko arduradunek. Hori lortzeko, autobusaren atzealdean aipatutako kanpainaren leloa eta irudia jarri dituzte, Bermeo guztira mezu hori zabaltzeko asmoz.
Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateordeak eta Zerbitzuetako zinegotzia txakurrak dituzten herritarren inguruan mintzatu da. “Txakurrak arduraz zaintzen dituzten pertsonak asko dira, dagozkien lizentziak dituztenak, arauak betetzen dituztenak, animaliaren onerako eta herriaren onerako, baina animaliak dituzten pertsona guztiak euren ardurak betetzea lortu behar dugu eta hori da gure helburua, animaliaren, jabearen eta herri guztiaren segurtasunerako eta onerako eta gure herria garbi mantendu ahal izateko”, adierazi du.
Hala ere, araudia jarraitzen ez duten bizilagun asko daudela gogoratu du: “Zoritxarrez batzuek ez dute horrela egiten, herritarren segurtasuna arriskuan jarriz eta herria txukun izatea galaraziz”. Arrazoi hori dela-eta, udalak 2015ean martxan jarritako kanpainari bizi berri bat ematea erabaki du. “Mezu hau berriz gogoratzeko”, herritik zehar Bermibusetaz baliatuko dira horrela.
Herriko araudia. Kanpainaren berritasunekin batera, Ibarrolazak txakurrekin bizi diren herritarrek jarraitu beharreko araudia gogoratzeko aprobetxatu du, baita horiek bete ezean egon daitezkeen ondorioez ere.
“Txakurrak erroldatuta eta identifikatuta egon behar dira eta horretarako mikrotxip bat jarri behar dio gaitutako albaitari batek”, azaldu du. Identifikazio prozesu hori betetzen ez badute, arrisku gabeko txakurren jabeek 200 euroko isuna ordaindu beharko dute. Txakur arriskutsu bezala katalogatutakoen kasuan, isuna 500 eurokoa izango da.
Txakur bakoitza bere ezaugarrietara egokituta egon behar den ugal baten bitartez lotuta eraman behar direla ere azpimarratu du. Ugal horren luzeera gehienez bi metrokoa izan daiteke. Arau hori betetzen ez duten txakurren jabeek 301 euroko isuna izango dute arrisku gabeko txakurretan eta 500 eurokoa arriskutsuak izan daitezkeenetan.
Azkenik, gorotzak batzen ez dituztenek jaso ahal dituzten isunei buruz berba egin du zinegotziak. Udalerriko “leku guztietan” egin beharreko zerbait dela nabarmendu du, eta hori egin ezean 200 euroko isuna jasoko dutela. Gainera, pertsona bakoitzak txakur arriskutsu bat bakarrik eraman ahal duela aipatu du eta horrela ez bada 200 euroko isuna jarriko zaiola.