Biolontxeloagaz, esperientzia berrien bila
Euskadiko Ikasleen Orkestra gaztearen parte da Ainhize Azkarai musikari muxikarra. Zazpi urterekin biolontxeloa jotzen hasi zen, eta dagoeneko burutu ditu lehenengo entseguak.
La, re, sol eta do dio biolontxeloak. Instrumentuaren hariak zuzen zapaltzen jakinez gero, bestelako esaldiak zein bakarkakoak ere esan ditzake musikariak. Harizko instrumentuen familiako musika tresna da txeloa, eta bera jotzen igarotzen ditu hainbat eta hainbat ordu Ainhize Azkarai muxikar musikari gazteak.
Zazpi urterekin sartu zen lehenengoz Gernika-Lumoko Segundo Olaeta Musika Eskolan, eta orduan erabaki zuen biolontxeloa izango zuela bidelagun. Ordutik, bost urte igaro dira, eta Euskadiko Ikasleen Orkestra gaztearen parte izatea lortu du aurten. “Ilusio handia daukat, esperientzia berria da eta pozik nago”, aitortu du Azkaraik.
Orain bi aste batu zen lehenengoz Euskadiko Ikasleen Orkestran bere kide izango direnekin; “lehenengo biolontxelo taldean eta gero orkestra guztiarekin”. Hurrengo asteko domekan ere elkartuko dira; izan ere, martxoaren 3an emanaldia emango dute. “Lehenengo batzarrak egun osokoak izango dira, baina otsailean Bilboko ostatu batean batu eta ikastaro trinkoa egingo dugu”, azaldu du musikariak gogotsu dagoela aitortu bitartean. Bera da Busturialdeko ordezkari bakarra orkestran, baina herri desberdinetako jende asko ezagutu du: “Hasieran ez nuen inor ezagutzen, baina lagunak egin ditut. Gustura egon naiz eta jende jatorra izan da”.
Proba «gogorrak»
Abenduan, Gasteizko kontserbatorioan egin zituen Euskadiko Ikasleen Orkestraren parte izatea ahalbidetu zizkioten probak, eta urduri egon bazen ere, “ondo” burutu zituela dio. Ez zen probara aurkezten zen lehenengo aldia izan berarentzat: “Aurten bigarrenez aurkeztu naiz, iaz ez ninduten hartu, baina oraingoan lortu dut”. Bigarren aldia izateak ez dio presio berezirik eragin: “Ez da ezer gertatzen probak igaro ezean, biolontzeloa jotzen jarraituko nuen berdin-berdin”.
Probak igarotzen lehenengotariko musikaria izan zen aurten, eta hori eskertu zuela dio: “Lehengo urtean denbora asko egon nintzen probak egiteko zain. Oraingoan, heldu eta jarraian burutu nituen, eta horrek urduritasuna baretzen lagundu zidan”.
Maila altuko probak igaro behar izan ditu. Lehenengo maila bukatzen dauden kontserbatorioko ikasleen mailakoak, hain zuzen. Ainhize Azkarai: “Ahal dudan guztietan eseri eta biolontxeloa jotzea gustatzen zait. Probak pasatzeko lan gogorra egin dugu”.
Denbora gehiagorekin eta probak hobeto prestatuta aurkeztu dela Azkarai dio bere musika irakaslea den Arantza Etxabek: “Denbora gehiagorekin prestatu ditugu probak, eta asko ikasi behar izan du etxean”.
Azkarai neska oso langilea dela aitortu du, eta bere erantzuna «oso ona» izan dela dio: “Musika eskolan probak prestatzen lagundu diogu, baina bere lana da garrantzitsuena. Ikasketara bideratutako lan asko dago lortutakoaren atzean”. Azkarai lasai egotea eta bere lanagaz pozik geratzea izan zen Etxaberen asmo nagusia.
Joan den urtean Etxabek animatu zuen muxikarra probetan parte hatzera. Aurten, baina, musikari gaztearena izan da ideia eta erabakia. Gozatu egiten du biolontxeloagaz, eta ahal duenetan ensaiatu egiten du: “Ez du egunero ensaiatzen, baina ahal dudan guztietan eseri eta biolontxeloa hartzen du”.
Aldaketa askoko garaia da Azkarairentzat. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak egiten dabil, eta aldaketa asko izan ditu aurtengo ikasturtean. Hala ere, lan askorekin dena lor daitekeela erakutsi du.
Taldean jotzen badaki biolontxelo joleak. Segundo Olaeta musika eskolako bandaren parte da, eta eskolako biolontxeloen orkestran ere badabil. Hala ere, Euskadiko Ikasleen Orkestra sinfonikoan joatzea “esperientzia guztiz desberdina” dela dio. Arantza Etxabek ere, alde handia dagoela aitortu du: “Bandan denetariko musika tresnak aurki daitezke, baina harizko orkestra sinfonikoan aritzeak aldaketa asko suposatzen ditu”.
Etxabe oso pozik dago bere ikasleak lortu duenarekin: «Oso pozik nago berak eman duen erantzunagatik. Horrelako ikasleak edukitzeak asko pozten dit, eta harro nago lortutaokagaz. Aurrera goaz elkarrekin, eta noraino iritsiko garen jakin ez arren, lanarekin jarraitzeko gogotsu gaude biok».
Aukera “bikaina”
Euskadiko Ikasleen Orkestran joatzea bere ikaslearentzat aukera “bikaina” dela dio Etxabek: “Beste orkestra batzuek nola funtzionatzen duten ikusteko baliagarria da, oso”.
Gainera, maila “ona” duen talde batean jotzean, orain arte egindako lanetik “desberdintasun” asko nabarituko dituela uste du irakasleak. “Bere burua beste maila batan ikustea oso ona izango da, eta asko disfrutatuko du”, azaldu du.
Azkaraik bere aldetik, biolontzeloa jotzea hobbie bat dela dio. Etorkizunean zer egingo duen erabakitzen ez da hasi oraindik, baina gustatzen zaiona egiten asko gozatzen du: “Auskalo etorkizunak zer dakarren, baina aukera berezi bat da hau”.