Euskara plan berriaren proposamena aurkeztuko dute bihar, Kultur Etxean
Batzarren helburua 2019. urtetik eta 2023. urtera arteko euskara sustatzeko plan estrategikoa eratzea izan da. ESEParen helburu nagusia euskararen normalizazioa bultzatzea da, bai eta euskararen erabilera areagotzea ere.
Gernika-Lumoko Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) eratzeko batzar irekiak egin dituzte azken urtean. Bihar, baina, batzarretan adostutako euskara plana aurkeztuko dute Kultur Etxean 18:30ean. Hala, euskara arduradunek parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
Batzarren helburua 2019. urtetik eta 2023. urtera arteko euskara sustatzeko plan estrategikoa eratzea izan da. Arduradunen berbetan, euskara hizkuntza ofiziala denetik hainbat urrats eman dituzte euskara sendotzeko asmoagaz: “Lege babesa, baliabideak, laguntzak, atxikimenduak… egin ditugu. Udalak eta gizarte eragile askok eutsi egin die udalerri mailan euskarari bultzada emateko lanari”.
Hala, hurrengo lau urteetarako prestatu duten ESEParen helburu nagusia da euskararen normalizazioa. Bai eta euskararen erabilera areagotzea ere. Hori horrela, euskarari arnasguneak emateko teknikak bilatu dituzte batzarretan: “Makal dauden esparruetan euskararen erabilerarako baldintza egokiak finkatzeaz arduratu gara”. Izan ere, hori da udalerriko Euskara Batzordearen erroka nagusia, “ezagutzatik erabilerarako urratsa ematea”.
Nondik norakoak. Partaidetza prozesua izan dute ardatz batzordeko kideek, dinamizazio saioak eginez. Prozesu horietan ondorioztatutako emaitzak funtsezkoak izan dira orain arte zehaztutako plan estrategikoa moldatzeko. “Ondorio horiei esker, begi askoren ikuspuntutik plana errealitatera egokitu ahal izan dugu, duda barik”.
Biharko aurkezpenean 2018. urtean egindako hausnarketak azaltzeaz gain, jarraitutako bideak azalduko dituzte. Nondik gatoz? galdeari erantzuna emanez hasi zuten bidea, eta Non gaude? eta Nora goaz? itaunei eman zieten erantzuna. Hala egungo eta etorkizuneko erronka euskararen erabilera sustatzea dela erabaki zuten. Egindako jarduerak azalduko dituzte, eta hurrengo pausoa proposamena Gernika-Lumoko Osoko Bilkuran aurkeztea izango dela zehaztu dute; Osoko Bilkurak dauka plan estrategikoa onartzeko eskumena.
Etorkizunean, Euskara Batzordea gizarte esparru desberdinetako partaidetza areagotzeaz arduratuko dela ere jakinarazi dute arduradunek.