Batzokietan pintaketak egiteari uzteko eskatu du Bizkai Buru Batzarrak
Sukarrieta, Bermeo eta Busturiko batzokietako aurrealdeak margotu dituzte presoen aldeko adierazpenekin.
Sukarrieta, Bermeo eta Busturiko batzokietako aurrealdeak pintaketaz josita agertu ziren atzo goizean. Bizkai Buru Batzarrak “erabat salatu eta gaitzetsi” ditu, halako jarduerak “guztiz onartezinak” direla aldarrikatuz.
Atzoko pintaketetan presoen aldeko adierazpenak irakur daitezke; besteak beste, Amnistia osoa eta Oier gudari goguen betiko. EAJko ordezkariek PNV hiltzaile dioena nabarmendu dute, “bereziki larria” dela adierazita. “Halako mehatxuak beti eta une oro dira onartezinak, bereziki 2019an, euskal gizarteak atzean utzi dituelako duela hainbat urte halako adierazpen eta jarrerak”.
Arrazoi horiek direla eta, Bizkai Buru Batzarreko ordezkariek era horretako jarduerak egiteari “berehala uzteko” eskakizuna egin die eraso horien egileei, “konponbideak eskaini beharrean, euskal gizartearen gehiengo nagusi batek amesten duen normaltasuna eragotzi baino ez dutelako egiten”.
Demokrazia, presoen eskubideak eta beste edozein kontu politiko aldarrikatzea zilegi iruditzen zaien arren, ez dute gauza bera pentsatzen alderdi politikoen egoitzetan pintaketak egitea bezalako ekintza antidemokratikoen bidez egiteari buruz.
Ekintza horiek burututa, “krispazioa eta gatazka” elikatzen dutela uste dute jeltzaleek, eta bide hori !elkarbizitzaren bidea egin nahi ez dutenena; minutu bakar batez pentsatzeko denbora hartzen ez dutenena eta erreklamazio bat beste batekin nahasten dutenena” dela adierazi dute.
Bukatzeko, “iraganeko egintzak berreskuratzeko garaia” dagoeneko igaro dela nabarmendu dute: “Bide hori erabat zaharkituta geratu da”.