Arrizabalaga ahizpak, Emakume Master Cupean
Promozio Mailan, Janire Arrizabalagak aurreko asteburuan jokatu zuen lehen partidua, eta Lehen Mailan, Olatz Arrizabalagak asteburu honetan ekingo dio txapelketari.
Domekan (urtarrilak 27) hasi zuten 2019ko Binakako Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketa. 32 partidu hartu zituzten Galdakaoko Elexalde eta Usansoloko Unkina pilotalekuek.
Promozio mailako pilotariak batu ziren bertan. Ianire Arrizabalaga gernikarrak txapelketan debutatu zuen, eta partidu bat irabazi (18-5) eta beste bat galduta (18-4), txapelketan aurrera jarraitzen du pilotari gazteak; haren ahizpa Olatz Arrizabalaga alboan izan zuen botillero lanetan. Gernikarra umetan hasi zen palan jokatzen eta iaztik ari da pilotan. Olatz Beitia lekeitiarragaz bikotea osatu du bere estreinako txapelketan, eta hurrengo partidua otsailaren 24an lehiatuko dute, Orozkon. Kanporaketa horretan, Alejandra Bilyak eta Andrea Capellanen kontra ariko dira.
Bestalde, Ianire Arrizabalagagaz Gernika-Lumoko Santanape frontoian entrenatzen duen Amaia Zarrabeitia Kortezubiko pilotariak ere txapelketan parte hartuko du; domeka honetan jokatuko du lehen kanporaketa.
Bizkaiko, Arabako Valentziako, Nafarroako eta Errioxako pilotariek bat egin zuten txapelketaren lehen jardunaldian. Antolatzaileen berbetan, “jende dezente” bildu zen, eta pilotariek “gero eta maila hobea” erakusten dutela eta kirolari horien “konpromisoa agerian geratu” zela nabarmendu dute.
“Ikusmin handia sortu du Binakakoaren hirugarren edizio honek eta partida batzuetan bikoteen arteko aldeak handiak izan baziren ere, –ohikoa izaten da promozio mailako lehen jardunaldi hauetan–, kirolari guztiek barruan zuten dena eman zuten ikuskizuna handia izan zedin”, azaldu dute Emakume Master Cuparen arduradunek.
Txapelketaren bi kategorietan bina taldetan banatuta daude pilotariak. Lehen Mailako txapelketa domeka honetan (otsailak 3) hasiko dute Murgian (Araba). Hain zuzen, Olatz Arrizabalaga gernikarra eta Leire Etxaniz etxebarritarra dira azken bi urteotako txapeldunak, aurten, baina, ez dira elkarrekin ariko.
Sei bikotek lehiatuko dute Lehen Mailako txapelketa, bi multzotan banatuta. Talde bakoitzean ligaxka bat jokatuko da, denak denen aurka, baina jardunaldi bakoitzean partida bakarra jokatuta. B taldean dago Arrizabalaga eta Iera Agirregaz leitzarragaz osatu du bikotea. Olatz Ruiz de Larramendi-Maite Ruiz de Larramendi eta Ainhoa Romero-Amaia Aldai dira multzoko beste bi bikoteak. A taldean, berriz, honako hiru bikoteak daude: Leire Etxaniz-Leire Garai, Patri Espinar-Mirian Arrillaga eta Maider Mendizabal-Arrate Bergara.
Murgiako pilota jaialdia 10:00etan hasiko da, Promozio Mailako partiduekin. 12:00etan hasiko dituzten Lehen Mailakoak. Arrizabalagak eta Agirrek Ruiz de Larramenditarren kontra jokatuko dute.
Ondoren, otsailaren 24an Sodupeko pilotalekuan izango dute beste kanporaketa. Gernika-Lumoko eta Leitzako pilotariak Ainhoa Romeroren eta Amaia Aldaien kontra jokatuko dute.