Arreta integrala emateko bulegoa zabaldu dute Gernikan
Bizkaian zerbitzu hori emango duen hirugarren bulegoa da Gernikakoa. Durangon zabaldu zuten lehenengoa 2016. urtean, eta Bermeon bigarrena, iaz.
Bizkaiko Foru Aldundiak eskualde mailako hirugarren bulego integrala zabaldu du, Gernika-Lumon. San Juan Ibarra plazako 5. zenbakian ireki dute, orain arte Ogasunaren bulegoa zen gunean. Bulego horrek, orain, arreta emateko gune bat izango du, eta herritarraren beharrizanaren arabera, pertsona batek bideratuko ditu erabiltzaileak behar duen zerbitzua hartu dezan.
Bizkaiko Foru Aldundiak Durangon zabaldu zuen eskualdeko mailako lehenengo bulegoa, 2016. urtean, eta Bermeon bigarrena, iazko maiatzean. Busturialdeak, beraz, herritarrei arreta integrala emateko bi bulego izango ditu aurrerantzean.
11 postu, 173 tramite. Gernika-Lumoko bulegoan 11 postu daude. Tramite orrokorrak bideratzeko dira horietako bost; lau izango dira Ogasun sailarekin zerikusia duten tramiteak egiteko (5 errenta aitorpena egiteko epean) eta beste bi postutan ingurune Naturala Zaintzeko sailari lotutako izapideak bideratuko dira. Izan ere, bulego berriak emango ditu orain Nekazaritzako Eskualde Bulegoak ematen zituen zerbitzuak.
Guztira, 173 izapide egin ahal izango dira Gernikako arreta integraleko bulegoan; tartean, Foru erakundeari zuzendutako era guztietako agiriak emateko eta jakinarazpenak hartzeko erabili daiteke; A-8 autobiderako laguntzak kudeatu daitezke; diru-laguntzei buruzko informazioa hartu eta kudeatu ahal iango da, edota zergen eta nekazaritza arloko tramiteak egin.
Astelehenetik barikura egongo da zabalik, 08:30etik 14:00etara, eta uda sasoian (ekainaren 17tik irailaren 13ra arte) 08:30etik 13:30era emango du zerbitzua.