1.556 pertsonek erabili dute Bermeoko izotz pista gabon garaian
Eutsi Gogor Danok Batera elkarteak jasoko ditu sarrerekin batu dituzten 3.112 euroak.
Bermeoko Udalak gabon garaian Lameran jarri zuten izotz pistaren inguruko balorazioa egin du. Izan ere, 1.556 pertsonek, gehienbat ume eta gaztetxoek, erabili zuten 200 metro karratuko pista, abenduaren 28tik urtarrilaren 6ra bitartean.
Udalak zehaztu duenez, izotz pistagaz lortutako diru guztia ekimen solidario batengana bideratuko dute. Kasu horretan, Eutsi Gogor Danok Batera elkarteak jasoko ditu batu dituzten 3.112 euroak, gaixotasun arraroak dituzten umeei laguntza eskaintzeko asmoagaz.
Lortutakoagaz, udaleko ordezkariek balorazio “oso positiboa” egin dute, “giro ederra sortu baitzuen herrian eta Bermeon patinatzen disfrutatzeko aukera ederra eskaini zuen”.
Irune Ormaetxea Merkataritza, Turismo eta Garapen zinegotziak adierazi duenez, “sarrerak aldez aurretik saltzea” erabaki zuten eta horrekin “ilara luzeak saihestea” lortu zuen udalak. Ormaetxeak pistaren erabilpenaren inguruko datuak zehaztu ditu: jende gehien egon ziren egunak asteburuetako egunak izan zirela azaldu du, eta gutxien erabili zen eguna urtarrilaren 1a izan zen.
“Esperientzia oso ona izan da eta, nahiz eta hobetzeko gauzak dauden, izotz pista oso erakargarria izan dela uste dugu”, gaineratu du zinegotziak.
Alde txarrak. Egindako lorpenekin batera, zinegotziak izotz pistaren alde negatiboak nabarmentzeko aprobetxatu du. Izan ere, urtarrilaren 5ean guneak hainbat kalte zituela ohartu ziren udaleko langileak.
Pistaren kanpoaldeko hiru babes hesi “apurtu” egin zituztela salatu du Ormaetxeak. “Mota horretako ekintzek gure herriko eta herritarren ongizatearen kontrakoak dira eta kostu handia dute herriarentzat. Pena bat da horrelakoak gertatzea”, aldarrikatu du. Etorkizunera begira, “errespetua eta ardura” eskatu ditu Ormaetxeak herritarren artean, “horrelako ekintzak Bermeon ez gertatzeko”.