Garaipen garrantzitsua ailegatu da
Emakumezkoen Euskal Ligan, Gernika RT 29-31 nagusitu da Bera Beraren kontra.
Emakumezkoen Euskal Ligan, denboraldiko hirugarren garaipena etxetik kanpo lortu du Gernika Rugby Taldeak. Domekan, 29-31 irabazi zion Bera Bera talde donostiarrari (aurretik Ordiziaren eta Durangoren kontra lortu zituzten garaipenak).
Garaipen garrantzitsua dela azpimarratu du Maite Bilbaok: “Batik bat animoa altxatzeko oso garrantzitsua da. Emaitza ez da justua; guk eurek baino askoz gehiago eman genuen. Gainera, aspaldian ez bezala, oso ondo jokatu genuen”. Bilbaoren berbetan, aurreko partidu batzuekin alderatuta, lasaiago eta konfiantza gehiagogaz jokatu zuten.
Lehen zatian nagusitasun osoz jokatu zuten basurdeek. Hain zuzen, horren adierazlea da lehen zatiko emaitza; 7-26ko markagailuagaz joan ziren atsedenaldira. Lehen zatia amaitzear zela, txartel hori bat ikusi zuten; kastigu entsegua adierazi zuen epaileak. Bigarren zatia, ostera, “kaotikoa” izan zela dio Bilbaok, eta esaterako, plakatze altu asko egon ziren, eta bi taldeei hainbat txartel hori atera zizkieten. Bigarren zatian etxeko taldeak aurrea hartu zuen; markagailua iraultzea lortu zuten etxekoek (29-26).
Alabaina, azken unean partidua bereganatu zuen talde gernikarrak. Partidua amaitzeko minutu bakarraren faltan, entsegua egin zuten basurdeek.
“Hamabi jokalari joan ginen, eta partidua hasi eta minutu gutxira aurretik min hartuta egon zen jokalari batek zelaia utzi behar izan zuen. Hortaz, ia partidu guztia bat gutxiagogaz jokatu genuen”, azaldu du Bilbaok.
Oso pozik daude, eta bi aste barruko Hernaniren kontrako partidurako gogotsu: “Etxean jokatuko dugu, eta garaipen honekin gogo gehiagogaz gaude. Ea min hartutako batzuk errekuperatzen diren. Behintzat aurpegia eman nahi dugu, eta aurreko asteburuan jokatu dugun moduan jokatu”. Hernaniarren kontrako partidua ere gogorra izango dela argi dute.
Orain, “anbizio gehiago” dutela dio: “Ea ilusio honegaz jarraitzen dugun, eta Hernaniren kontrako partidua aurrera ateratzen dugun. Espero dugu bi taldeok parekatuta egotea, eta irabazten badugu askoz hobeto”.