Erroxaperen kontakizun laburren lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu dute
Otsailaren 14ra arte aurkeztu ahalko dira sormen lanak.
Bermeoko Erroxape Emakumeen Elkarteak, urtero bezala, kontakizun laburren txapelketa prestatu du. Aurtengoa lehiaketa egiten duten 23. aldia izango da.
Lehiaketa 18 urtetik gorako emakume eta gizon guztiei zuzenduta dagoela eman dute jakitera elkarteko kideek. Kontakizunak euskarazkoak zein gaztelerazkoak izan daitezke. Parte hartu nahi dutenek otsailaren 14ra arte edukiko dute irekita lanak aurkezteko epea.
Zehaztu dutenez, egun horretako 20:00ak baino lehenago entregatu ahalko dira sormen lanak. Hainbat lekutan emateko aukera dago: Erroxape elkartean (Erreten Lamera z.g.), udal liburutegian, Gizarte eta Kultura Etxean edo Bermeoko 115 posta kutxan, besteak beste.
Lehiaketaren baldintzak. Aurton prestatu duten lehiaketaren gai nagusia andrazkoa dela adierazi dute Erroxapekoek. Modu horretara, kontakizunak orrialde bakarrean idatzita egon beharko dira, eta nahitaez, hutsune bikoitzean.
1.200 karaktereko muga ezarri dute orrialde bakoitzarentzat, eta, gutxienez, lau eta gehienez sei orrialdetako luzera eduki beharko dute lanek. Parte hartzaile bakoitzak egindako kontakizunaren hiru kopia aurkeztu beharko ditu, gutun azal itxi batean. Bertan, kontakizunagaz batera egilearen datuak azaltzen diren beste gutun bat ere gehitu beharko dute.
Nabarmendu dutenez, aurkeztutako lanak jatorrizkoak izan behar dute. Ez hori bakarrik, ezin izango dira beste inon argitaratutakoak ezta saritutakoak izan. Parte hartzaile bakoitzak kontakizun bakarra aurkeztu dezake.
Sariak. Irabazleentzako prestatu dituzten sariak ere zeintzuk izango diren zehaztu dituzte. Sariak martxoaren 8rako prestatu dituzten ekintzen barnean banatuko dituzte.
Euskarazko eta gaztelaniazko lanen arabera bi kategoriatan banatu dituzte sariak: lehen sarituek 250 euro eta aitorpen plaka jasoko dituzte. Finalistek, bestalde, 150 euro eta plaka eramango dituzte etxera. Azkenik, accesita lortzen dutenek aitorpen plaka eskuratuko dute.
Epaimahaiak edozein sari hutsik uzteko eskubidea izango du, eta oinarriak betetzen ez dituzten lanak lehiaketatik kanpo geldituko dira. Epaimahaiko kideak ezin izango dira lehiaketara aurkeztu. Erroxapekoek azaldu dutenez, saritutako lanak elkartearen esku geratuko dira. Saririk gabe geratzen direnek aurtengo ekainaren 1etik aurrera eskuratu ahalko dituzte.