Ibarrangelun 2014tik dute martxan araztegi berdea
Garteiz auzoan egin zuten proba pilotua, eta orain, Marru auzoko araztegi ekologikoa amaitzear dute. Garteizko araztegiko analisiek emaitza onak dituztela dio Ibarrangeluko alkateak.
Ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izatea ahalbidetzen duten araztegiak gero eta ohikoagoak dira. Ibarrangelun ere apustu hori egin zuten, eta 2014tik filtro berdeen araztegia martxan dute Garteiz auzoan.
Jesus Mari Ziluaga Acebo Ibarrangeluko alkateak azaldu duenez, proba pilotua izan zen Garteizkoa, eta orain, hango eredua beste auzo batzuetara zabaltzeko asmoa daukate; horretan ari dira.
2014ko urtarriletik martxan dute Garteizkoa. Landareek deskonposatu egiten dute materia organikoa. Hau da, prozesu biologiko eta kimiko natural baten bidez depurazio prozesu bat egiten dute landareek.
Garteizen ostean, orain Marru auzoan ari dira araztegi berdea eraikitzen. “Azterketa bat egin genuen Jaurlaritzagaz batera. Urte batzuk pasatu dira proba pilotua egin genuenetik, emaitza positiboak direla ikusi da, eta horregatik, eredu hori kontuan hartuta, Marru auzorako proiektua egin genuen iaz. URAn, Jaurlaritzan eta Urdaibain baimenak bideratu genituen, eta ia amaituta dago; azken ukituak falta zaizkigu martxan jarri ahal izateko”.
Jesus Mari Ziluaga: “Garbiketa landareen bidez egiten da;
arazte maila oso altua lortzen da”
Arazketa prozesua zelakoa den azaldu du Ziluagak: «Garbiketa landareen bidez egiten da. Horregatik deitzen da filtro berdeen araztegia, eta arazte maila oso altua lortzen da. Garteizeko kasuan lezka eta espadaina landareek xurgatzen dute ura. Garteizkoa oinarri hartuta, hobekuntzak egin ditugu Merruko araztegirako».
Landatzea falta dela zehaztu du: «Hurrengo astean egitea aurreikusi dute. Putzuak prest daudenean, konektatu egingo dute. Hau da, baserrietako putzu septikoak garbitu egingo ditugu, eta konexioa egingo dugu».
Azterketen emaitzak
Garteizko araztegian analisiak Busturialdeko Ur Patzuergoko teknikariek egiten dituzte, eta emaitza onak dituela nabarmendu du Ibarrangeluko alkateak.
Garteizko filtro berdeen araztegiak dozena bat baserriren ur zikinak hartzeko ahalmena dauka, eta Marrukoak ere beste horrenbeste hartuko ditu beregain. “Bedaronakoak baino dimentsio txikiagokoak dira gureak. Eredu oso sinplea da, mantenimendu errazekoa eta leku askotan erabiltzen dute. Mediterraneoan, Valentzian eta Katalunian, adibidez, nahikoa erabilia da eredu hau”.
155.000 euroko aurrekontuagaz egin zuten Garteizkoa, eta 282.000 euroko aurrekontua dute proiektu honetarako.
Aurrekoan modura, oraingo honetan ere diru laguntzak lortu dituzte: “Jaurlaritzak proba pilotua egin zuen; eurek ordaindu zuten dena. Eta oraingo honetan ere laguntzak jaso ditugu: 134.000 euro jaso ditugu Eusko Jaurlaritzako Landa Garapenetik, 80.000 euro Busturialdeko Ur Patzuergotik eta 25.000 euro Ihobek Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kudeaketarako Sozietate Publikotik”.
Jesus Mari Ziluaga: “Garteizkoa oinarri hartuta, hobekuntzak egin ditugu Merruko araztegirako”
Lanketa pedagogiko bat egin beharraz mintzo da Ziluaga: “Ezin da komunetatik edozer bota”. Era berean, oinarrizko azpiegitura honetan denen laguntza izatea garrantzitsua dela nabarmendu du. “Pentsatzen dugu proiektu honek onuragarriak direla Urdaibairentzat; ikuspegi berde batetik proiektuak aurrera eraman daitezkeela erakusten dute”.
Putzu septikoen katalogoa
Era berean, isurketak direla eta Jaurlaritzak saneamenduen eguneraketa egitea eskatu zien udalei, eta iaz hori egin eta putzu septikoen katalogoa egin zuten Ibarrangelun. “Alor honetan, nahikoa egin da, baina oraindik pauso batzuk geratzen dira egiteko, eta horretan ari gara”.