Bermeoko pentsionistek azken urtean egindako borroka ospatzeko ekitaldia egingo dute
Azken urtean lortutakoak eta lortu beharrekoak gogoratzeko solasaldia prestatu dute.
Pentsio duinen aldarria egiteko borrokan ari dira Bermeoko pentsionistak. Izan ere, elkarteak jakitera eman duenez urtebete beteko dute astelehenero herriko kaleetara irten eta defendatzen dutena lortzeko elkarrerataratzeak egiten.
Horren harira, herriko, eskualdeko eta Bizkaiko pentsionisten mugimendua bateratuko duen ekitaldi berezia prestatu dute bermeokoek. Udalerriko Nestor Basterretxea aretoan solasaldia egingo dute bihar, 19:00etan, mugimendu horretako hainbat ordezkarirekin batera.
Juan Karlos Agirre Bermeoko pentsionisten ordezkariaren berbetan, “urtebete da elkarretaratzeak egiten hasi ginenetik”. Hori ospatu eta gogora ekartzeko asmoagaz, azken urte luze horretan bizi izan duten egoera eta ibilbidearen inguruan hitz egin nahi dute, herritarrei mugimenduak izandako eboluzioaren berri emateko.
Ikuspuntu anitzak. Modu horretara, Marisa Uriarte Bermeoko pentsionisten kidea, Jon Fano Bizkaiko Pentsionistak Mugimenduaren ordezkaria eta Ana Mezo Euskal Emakume Pentsiodunen Elkarteko ordezkariak izango dira hitzaldia ematen eta solasaldian aritzen Nestor Basterretxea aretoan. Agirrek azaldu duenez, beste elkarteetako ordezkariak edukitzeak ikuspuntu anitzak ezagutzeko aukera eskainiko du.
Esaterako, Bizkaiko Pentsionistak Mugimenduak duen ibilbide luzeaz baliatuta, helburuak bete ahal izateko “hemendik aurrera zer egin ahal den edota ze estrategia landuko diren” zehaztuko dituzte solasaldian. Izan ere, hiru elkarteak mugimendu berberaren barnean daudela azpimarratu du ordezkariak: “denok daukagu bat egiten gaituen eskaera bateratu bat“.
Gainera, aretora hurreratzen direnek galderak edota proposamenak egin ahalko dituzte: “ekitaldiak bi atal izango ditu. Bigarrenean herritarrei beraien zalantzak azaleratzeko txanda eman nahi diegu”, azaldu du Agirrek. Bermeoko pentsionistek nabarmendu dutenez, “mundu guztia dago gonbidatuta ekitaldira”. Bermeora mugatu barik, eskualdeko herritarrei ere egin diete deia urteurren ekitaldian parte hartzeko.
Solasaldiagaz batera, Bermeoko pentsionistek borrokan jarraitzeko asmoa aldarrikatu dute. Azken urtean egin bezala, astelehenero herriko Goiko Plazan elkarretaratzeak egiten jarraituko dutela jakinarazi dute, “zahartzaro duinaren eta pentsio duinen alde”.