Geldiezin jarraitzen du Lointekek
Al Qazeres taldeari 79-71 nagusitu zitzaion Lointek zapatuko partiduan, Malosten. Mendera ezin jarraitzen duela erakutsi du beste behin talde gernikarrak.
Al Qazeres taldeari 79-71 nagusitu zitzaion Lointek zapatuko partiduan, Malosten. Mendera ezin jarraitzen duela erakutsi du beste behin talde gernikarrak, eta zapatuko garaipenagaz ligako 16 jardunaldietatik 13. garaipena lortu du. Banhamek etxean debutatu zuen, eta Luci Pascua omendu zuten, Ligan 3.000 puntu eskuratu baitzituen Valencia Basketen aurkako aurreko jardunaldian.
Emakumezkoen Ligaren sailkapenean hirugarren postuan jarraitzen du Mario Lopezen taldeak. 29 puntu ditu, Spar Citylift Girona liderrak eta Perfumerias Avenida bigarrenak baino bi puntu gutxiago.
Bizitasunez betetako partidua izan zen, lehenengo laurdenetik erasoan «gogor» aritu batziren bi taldeak. Al Qazereseko Ferrari izan zen onena lehen laurdenean, eta Naiara Diez izan zen bera gelditzeaz arduraduratu zena. Erasoan, Itziar Ariztimuñok suspertu zuen etxeko taldea.
Hiruko bost jaurtiketa huts egiten hasi zuen bigarren laurdena etxeko taldeak, baina jokalariek ez zuten amore eman, eta Berezhynskaren lanagaz, 7-0eko partziala egitea lortu zuten. Hala, markagailua irauli zuten (25-21). Joan etorriko norgehiagoka izan zen, oso lehiatua, eta horren erakusgarria izan zen markagailua, puntu bakarreko aldeagaz joan baitziren atsedenaldira (40-39).
Bigarren zatian berdin jarraitu zuten bi taldeek, puntuak erraztasunez eskuratuz. Ferrari gelditzeko defentsa lan ikaragarria egin zuen Vanderwalek, eta Berezhynskak puntuak lortzen jarraitu zuen. Hiru puntuko aldeagaz joan ziren azken txanpara.
Markagailuan ihes. Azken laurdeneko lehen minutuak giltzarria izan ziren, 8-0ko partzialagaz markagailuan ihes egitea lortu baitzuen Lointekek. Faltak eginez erantzun zuen Extremadurako taldeak, eta falta teknikoa ere seinalatu zion arbitroak Lointekeko aulkiari. Jokalariek ez zuten kontzentrazioa galdu, eta garaipena etxean geratu zen.
Garaipenagaz “oso pozik” dagoela esan zuen Mario Lopezek: “Blake Dietrick barik jolastu dugun lehenengo partidua izan da, eta hori defentsa lanean asko nabaritzen da, baina ondo aritu gara eta pozik nago”. Gainera, lehenengo zatian Extremadurako taldea “ederto” ibili zela esan zuen, Ferrarik egindako lana azpimarratuz. Azken laurdenean aukera gehiago izan zituzten etxekoek, eta aukera horiek aprobetxatu zituztela aitortu zuen.
Banhamen debuta “garrantzitsua” izan zela deritzo Lopezek: “Guretzako oso garrantzitsua da hasieratik Banham taldean integratzea, eta horregatik jolastu ditu 18 minutu”. Jokalariaren lehen esperientzia da Europan, eta batez ere, puntuak eta asistentziak lortuko dituen jokalaria dela esan du entrenatzaileak: “Lau hilabete daramatza jolastu gabe, eta nabaritzen da. Espero duguna emango digulakoan nago”.