Australiako kontakizunak
Australiara lanera joan ziren euskaldunen istorioak bildu eta ezagutarazi nahi duen taldea da Euskal Australiar Alkartea. Eskualdeotako hainbat herritar daude taldean.
Kulturartekotasuna. Aniztasuna. Desberdintasuna. Bizipenek desberdin egiten dute norbera, eta kultura desberdinak ezagutzeko metodo egokiena da elkar ezagutzea; elkartu eta harremanak sendotzea, alegia.
Sortu berri duten Euskal Australiar Alkarteak euskal eta australiar kulturen arteko harremana sendotzea du helburu, bai eta Australiara joan ziren euskaldunen lanari buruzko informazioa Euskal Herrian ezagutaraztea eta zabaltzea ere. «Euskaldunen lanari buruz informatu behar gara, eta horri buruzko ikerketa lana bultzatu behar dugu», dio Teresa Gabiola elkarteko zuzendariordeak.
Elkartea sortzeko ideia Julian Iantzik izan zuela dio: “Australian egon zen Iantzi oporretan, eta orduan ohartu zen euskaldun asko joan zirela bertara azukre kanaberak moztera. Bueltatu zenean, Australian bizitako herritarrak biltzen hasi zen, horien istorioak ezagutarazteko”.
Gabiolaren berbetan, asko izan ziren Busturialdetik eta Lea-Artibaitik Australiara joan ziren herritarrak, “frankismotik urruntzeko asmoz”.
Euskal langileen bidaia hasiera gogorra izan zela dio, eta gogor lan egin behar izan zutela azaldu du: “Lana ondo egin zuten, gogorrak izan ziren, eta Australiako gobernuak hori baloratu egin zuen”. Horretatik, 1958. urtean, euskaldunak ziren langileei bertara joateko deia egin zien Australiako Gobernuak, eta Euskal Herritik hiru ontzi joan ziren munduko beste aldera. Alberto Urberuaga izan zela langile horiek bilatzearen arduraduna azaldu du Gabiolak.
Urte luzez lan gogorra egiten ibili eta gero, asko izan ziren Euskal Herrira bueltatu zirenak. Beste asko, baina, kontinente berrian geratu ziren.
Australiara emigratu zutenen seme-alabek, ilobek edota senar-emazteek osatzen dute gaur egun taldea, eta beraien ondorengoei aiton-amonen istorioak gorde nahi dizkiete. “Informazioa bilatzen gabiltza. Australiara joandako batzuk zendu dira, baina besteen istorioak bildu behar ditugu. Euskal Herrian ez dago ezer idatzirik, Australian zerbait badago”, aitortu du Gabiolak.
Lehen geldialdia, Gernikan. Kultura desberdinak ezagutzeko asmoagaz, Australian egon ziren euskal herritarrek elkar ezagutu zuten azaroaren bukaeran Gernika-Lumon egindako bazkarian. Harremanak sendotu eta ahanzturan geratzekoak ziren bizipenak biziberritu zituzten bertaratu ziren 250 pertsona inguruk. Bizkaikoak izan ziren gehienak, baina Nafarroako edota Santanderko herritarrak ere gerturatu ziren.
Hurrengo pausoa Australian eman gura dute elkarteko kideek. Horretarako, uztailean bertara bidaiatzea pentsatu dute: “Senideak bisitatuko ditugu, eta azukre kanaberak non, noiz eta zelan mozten zuten ikusiko dugu bertan”.
Australian egon ziren euskal herritarren lobek edo seme-alabek beraien guraso edo aito-amonak zelan bizi ziren ikusiko dute: “Zelan kostatu zitzaien hasieran lana aurkitzea, bizimodua aurrera ateratzea, eta egindako ahalegina. Telefono barik bidaiatu zuten, hizkuntzaren ezagutza eduki gabe eta non lan egingo zuten jakin gabe”.
Horrez gain, azukre kanaberen historioa ezagutuko dute, bai eta 1930. urte inguruan Australiara emigratu zutenak nondik ibili ziren ere.