Lekuek jaialdiak martxoaren 9tik 16ra girotuko ditu herriko txokoak
Momentuz, bederatzi musika talderen presentzia baieztatu dute antolatzaileek. Aste guztirako bonuak salgai daude dagoeneko.
Seigarren urtez jarraian, Lekuek jaialdiak Gernika-Lumoko kaleak musikaz beteko ditu martxoaren 9tik 16ra bitartean. Dagoeneko bonuak salgai jarri dituzte Gernika-Lumon eta Bermeon; Astran, Ospan eta Ariman, eta Talako kantinan eros daitezke, hurrenez hurren.
Jaialdiaren filosofiak bere horretan jarraitzen duela diote arduradunek, Gernika-Lumoko elkargune ezberdinetan sormen handiko adierazpen eta interes artistikoei leku egitean, alegia. Iaz, bunkerra zabaldu zuten zuzeneko kontzertuak emateko, baina aurtengoan ez dela lekuekiko berritasunik egongo adierazi dute; iazko leku beretan egongo dira emanaldiak.
Hala, Astra, Iparragirre Rock Elkartea, Trinkete Antitxokoa, Lizeo Antzokia, bunkerra, eta udalerriko kaleak izango dira musikazaleen aterpe nagusiak. Halaber, hainbat tabernek ere parte hartuko dute jaialdian. Arduradunek tabernetan beraien proposamenak sartzea gustatuko litzaiekeela azaldu dute, baina oraindik ez dute ezer zehaztu.
“Lekuek jaialdiaren bitxikeria bat da askotarikoa dela, eklektikoa”
Zuzeneko musikak hartuko du protagonismoa astebetez, eta, momentuz, bederatzi dira baieztatu dituzten taldeak. Hala ere, oraindik ere “ezusteko asko” geratzen direla aitortu du Lekuek jaialdiaren arduradun Indira Garciak.
Jaialdiak adin eta molde guztietako publikoari eskainitako genero musikalak lantzen ditu: “Jaialdiaren bitxikerietako bat da askotarikoa dela, eklektikoa. Hori da txikia, irekia eta merkatuaren toki nagusietatik kanpo egotearen ondorio eta abantaila”. Ezaugarri horiek guztiak kontutan hartuta, estilo askotariko programa egin daitekeela azaldu du Garciak.
Zirraragarria eta sutsua, korala eta harmonikoa den jaia osatu gura izan dute. Hala, estiloz erabat desberdinak diren musika taldeak aurkeztu dituzte. “Azken bi urteetan flamenkozko proposamenak egin ditugu, eta aurten ere Antonio Lizarra ekarriko dugu”.
Momentuz, rocketik musika alternatibora doazen talde «guztiz ezberdinak» aurkeztu dituzte, baina bestelako kolorea daukatenak ere falta dira.
Estiloaz haratago, toki desberdinetatik hurbilduko diren musikariak egongo dira Gernika-Lumon: “Galiziatik datoz batzuk. Besteren artean, Nuria Graham Bartzelonatik gerturatuko da, eta Vancouvers taldea, berriz, Madrildik. Hala ere, Euskal Herriko musika taldeak ere baditugu: Moxal eta Joseba Irazoki eta lagunak, adibidez”.
Kontzertuetatik haratago. Zuzeneko ikuskizunak baino zerbait gehiago da Lekuek, eta musikarekiko zaletasuna bultzatu nahian, bestelako hainbat ekintza antolatu dituzte, “hori baita irabazi asmorik gabeko jaialdi honen izaera”.
Urtero legez, musika tailerrak, umeentzako ekintzak edota disko azokak egongo direla aurreratu dute; hala eta guztiz ere, zenbait ekintzetan hainbat ezusteko egongo direla adierazi dute. Hurrengo asteetan jakinaraziko dituzte berritasunak. Zine kluba ere eragilea denez, ikus-entzunezko bereziak proiektatuko dituzte martxoko aste horretan.
Herritik herriarentzat sortzen den jaialdia da Lekuek, herriari mugimendua sortarazten diona. Iaz 3.000 pertsona inguru gerturatu ziren, eta aurtengo asmoa hori bada ere, “ez dakitela” zenbat jende hurbilduko den esan du Garciak: “Eskaintza beti da askotarikoa, eta estilo desberdinetako jendea etortzea espero dugu aurten ere. Erantzuna ona izango dela uste dugu, urteroko ildo beretik goazelako”.
Gutxi falta zaie dena prest edukitzeko, eta gogotsu daude. Dagoeneko bonuak tabernetan zein Internet bidez eros daitezke; www.gernikakolekuek.com webgunean daude. «Bonua edukita, hasiera batean, ikuskizun guztietara joan ahalko dira. Hala eta guztiz ere, bonodunak ordubete lehenago joan beharko dira leihatilletara sarrera eskuratzera», gogorarazi du Garciak. Banakako sarrerak oraindik ezin dira erosi.
Jaialdiari buruzko informazio gehiago beraien webgune zein sare sozialetan eskuratu daiteke; sare horietan jarriko dituzte berritasunak. Nahi duenak galderak zein proposamenak egin ditzakeela esan du Garciak.