Kinttopeko Zaldi Proben Bizkaiko Txapelketa jokatuko dute Nabarnizen
21:00etan hasita, hiru probalari ariko dira zein baino zein gehiago.
Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundeak eta Illuntzar Jai Batzordeak dena prest dute zapaturako (urtarrilak 19).
Kinttopeko Zaldi Proben Bizkaiko Txapelketa hartuko du Nabarnizeko frontoiko probalekuak. 21:00etan hasiko da dema, eta hiru probalariren artean erabakiko da Bizkaiko txapelduna. Hain zuzen, txapela etxean geratzeko aukera egongo da. Izan ere, Nabarniz Jatetxekoak lehiatuko dira, Bermeoko Aurrekoetxea Anaiak eta Munitibarko Motrollogaz batera. Ohi legez, herriko harriagaz, ordu erdiko saio bana egingo dute, eta Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundeko ordezkariek kontrolatuko dute txapelketa.
Abereen oinarrizko pisua 400 kilotan ezarri dute, eta duten kilo bakoitzeko kilo bateko gainkarga hartuko dute. 20:00etatik aurrera egingo dituzte pisaketak.
Hiru parte hartzaileek jasoko dute diru-saria, eta irabazleak txapela eta manta ere irabaziko ditu.