Fitur azokara turismoko webgune berriagaz joango da Gernika-Lumo
Turismo webgune berriaz ez ezik, bost hizkuntzatan argitaratutako eskuorria ere aurkeztu dute gaur. Iragana ahaztu gabe etorkizunera begiratzen duen herria dela Gernika-Lumo erakutsi gura izan dute.
Turismo arloko Fitur azokan egongo da Gernika-Lumo urtarrilaren 23tik 27ra bitartean, eta gaur goizean, 2019. urterako egin duen turismo kanpaina aurkeztu du udalak. BiscayTIK fundazioak egindako turismo webgune berria ezagutarazi dute, bai eta turismo arloko azoka desberdinetan aurkeztuko duten eskuorria ere; bost hizkuntzatan kaleratu dute.
Espainiako turismo azokarik nagusiena eta munduko handienetakoa dela Fitur zehaztu du Iñigo Magunagoikoetxea Gernika-Lumoko turismo zinegotziak: “Azoka handienetakoa da, Londres eta Berlinen atzetik”. Lehenengo hiru egunak enpresa eta erakundeekin kontaktuak egiteko erabiliko dituzte; azken biak, berriz, publikoari udalerria erakusteko.
Turismo webgune berria herritarren turismo beharrizanei erantzun ahal izateko “oso elementu garrantzitsua” dela esan du Magunagoikoetxeak. Hala, udalerrira gerturatzen diren bisitariak hurbiltzeko, lehenengo herria ezagutu egin behar dutela deritzo zinegotziak: “Bidaia bat egiteak aurreplanifikazioa eskatzen du, eta horretara bideratu dugu webgunea: Gernika-Lumora hurbildu aurretik herriak daukana ezagutarazteko”.
Webgune berria Eusko Jaurlaritzak bultzatutako BiscayTIK Fundazioak burutu du. Fundazioaren zuzendaria den Alaitz Etxeandiak, “erabilgarritasun eta irisgarritasun” irizpideak jarraituta osatu dutela webgunea dio: “Toki baliagarria eta erakargarria izatea bilatu dugu.
Bere aldetik, bisitariek egindako informazio eskari nagusiak biltzen dituela webguneak zehaztu du Amaia Garcia Turismo bulegoko zuzendariak: “Picassoren obra eta bonbardaketa, Batzarretxea, eta azokak nabarmendu ditugu. Informazio horrez gain, udalerrian egindako azken turismo berrikuntzak ere aurki daitezke: Memoriaren ibilbidea eta Marko topo hezkuntza jokoa, esaterako”.
Nazioarteko eskuorria. Gernika-Lumoren irudi berria eskuorri berriagaz berriztatu gura izan dute. “Iragana ahaztu gabe etorkizunera begiratzen duen herria garela transmititzen du eskuorriak”, esan du Magunagoikoetxeak. Hori eskuorriaren azalean bi belaunaldik egiten dute topo: iloba eta aiton-amonenak.
Bost hizkuntzetan argitaratu dute eskuorria, eta bertan Gernika-Lumo bisitatzen dutenentzat “ezinbestekoak” diren hamar bizipen agertzen dira. Besteren artean, Urriko Lehen eta Azken azokak, Jai Alai frontoiko partiduak, Euskal Jaia edota Bonbardaketaren urteurreneko ekintzak gogorarazten ditu.
Turismoa 2018. urtean. Magunagoikoetxeak aipatu modura, turismoari begiratuta urte “baikorra” izan da 2018.urtea Gernika-Lumon. 150.000 bisitari jaso zituen iaz Batzarretxeak, udalerriko aktibo turisikorik handiena izanez. Bakearen Museotik, berriz, 51.000 bisitari pasatu ziren, 2017an baino 3.000 gehiago.
Turismo bulegoak 78.000 pertsona baino gehiagori eman die arreta, eta horietatik 20.000 taldeka gerturatu dira; hala, 2017 urteagaz alderatuz, %22 igo da bulegotik igarotako pertsona kopurua. Iaz, turismo bulegotik pasatutako 100 pertsonetatik 38 atzerritarrak izan zirela gogorarazi du zinegotziak, guztira 30.000 atzerritar gerturatu direla esanez. Azken datu hori, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabara hurbildu diren atzerritarren gorakadarekin bat dator.