Elantxobe eta Mundaka Portugaleteko traineru jaitsieran egongo dira
Portugaleteko VII. Traineru Jaitsiera lehiatuko dute domekan.
Emakumezkoen eta gizonezkoen senior, gazte-mistoak eta beteranoak kategorietan lehiatuko dute Portugaleteko VII. Traineru Jaitsiera, domeka honetan (urtarrilak 20). 13:00etan hasiko da lehia, eta 33 traineruk parte hartuko dute.
20 taldek izena eman dute San Nikolas Arraun Taldeak antolatu duen proban, eta tartean daude Elantxobeko eta Mundakako arraun elkarteak. 6.000 metroko arraun eremuan burutuko dute jaitsiera; Galindo errekako bokalean hasi, eta Portugaleteko Gran Hotel Puente Colgante hotelaren pareraino ariko dira bogan, eta Nautika Eskolaren parean izango dute ziaboga.
Mundakako taldea emakumeen eta beteranoen lehian ariko da, eta Elantxobe eta Mundakako elkarteetako arraunlariez osatutako taldea uretaratuko da gizonezkoen senior kategorian. Hain zuzen, kategoria horretan egongo da parte hartze handiena; hamazortzi traineru ariko dira lehian. Esaterako, Isuntzak, Deustok, Arkotek eta Castreñak bina traineru izango dituzte gizonezkoen seniorretan. Emakumezkoetan, ostera, sei talde hauek parte hartuko dute: Mundaka, Ondarroa, Deusto, Orio, Kaiku eta Hondarribia.
Beteranoetan, berriz, zortzi taldek egingo dute jaitsiera: Mundaka, Iberia, Sestao, Fortuna, Getxo, Pontejos eta Arkoteko bi. Hala, gazteetan Deustuk bakarrik izena eman du.
Beteranoen lehiagaz hasiko da proba. 4.000 metroko jaitsiera burutuko dute, eta minutu bateko tarteagaz aterako dira taldeak. Sestaok emango dio hasiera, ondoren Arkote B irtengo da, eta jarraian Mundaka. Beteranoen atzetik, emakumezkoen taldeen txanda izango da (13:08), eta horiek ere 4.000 metroko jaitsiera egingo dute. Mundaka izango da lehenengoa, eta ondoren ondarrutarren txanda izango da.
Gazteetan 5.500 metroko proba egingo du Deustok, 13:15ean hasita. Gizonezko seniorren taldeak ere eremu berean ariko dira, eta Isuntza A izango da lehena (13:17). Isuntza B hamargarren aterako da (13:26), eta Elantxobe-Mundaka hamabosgarren (13:32).