Ohiko aldarriei eutsiz, zapatuan Bilboko manifestaziora joateko deia egin dute Busturialdeko pentsiodunek
Astelehenetako ohiko aldarrikapenei eutsi zieten Busturialdeko pentsiodunek atzo, eta gaur eguerdian, zapatuan Bilbon egingo duten manifestaziora joateko deia egin dute.
Astelehenetako ohiko aldarrikapenei eutsi zieten Bermeo eta Gernika-Lumoko pentsiodunek atzo, eta gaur eguerdian, zapatuan Bilbon egingo duten manifestaziora joateko deia egin dute Busturialdeko pentsiodunek. Zapatuan 17:00etan Carlton hotelaren aurretik udaletxeraino joango direla jakinarazi dute. Hala, beraien aldarrikapenei eusteko asmoa dutela berretsiko dute.
Urtebetez egindako aldarrikapenak errepikatuko dituzte Bilbon; KPIaren araberako eguneraketa, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, sistema propioa, genero arrakala ezabatzea eta etxez etxeko zaintzaileen egoera hobetzea. “Baditugu kezkatuta egoteko arrazoiak, eta horiek legez ondo zainduta egon beharko liratekeela uste dugu”. Hori horrela, eta arazo horiei aurre egiteko, lan arloa “definituta” daukatela adierazi dute Busturialdeko pentsiodunek.
Orain dela urtebete zehaztutako eskaera horiek, “harrotasunez”, gehiago zabaldu gura dituztela aitortu dute: “Mundu hobe eta justuago baten alde borrokan gabiltzala zabaldu gura dugu”.
Orain arte urtebetean lortutakoak herritarren ekinaren ondorioak izan direla argi dute Busturialdeko pentsiodunek: “%0,25a modan jarri zuten, eta bertan behera bota genuen. Lekutan geratu da txinparta izan zen zenbaki hori, eta sinistuta gaude lortutako eskaera guztiak gure ekinaren ondorioak izan direla”. Hala, pentsio publiko eta duinen alde egiteari denboran iraunkortasuna eman nahi diete.
Aldarrikapenen urteurrena. Pentsiodunak astelehenero hasi ziren elkartzen, eta beraien aldarriek erantzuna eduki zuten. “Gure urteak zenbatzeko ohiturak gure mugimendua kutsatu du, eta gaur urtebete egin dugula diogu; orain urtebete hasi ginen modu masiboan kalera ateratzen”.
Edozein pertsonak lan bizitza luze baten ondoren baldintza duinetan bizitzeko eskubidea daukala defendatu dute hilabetez hilabete, eta horretarako, horiek jasotzen dituzten pentsioak nahikoak izan beharko litezke: “Gure eskubideen alde oihua zabaltzen jarraituko dugu oraingoan ere”.
Bat-batean sortu zen mugimendua dela diote, baina Busturialdeko pentsiodunek, beraiena, mugimendu plurala dela azpimarratu dute: “Talde politiko, kultural edota gizarte talde ezberdinetako jendez betetako taldea gara, eta danok batera mundu berri baten alde egiten dugu. Diktaduren aurka joatera ohituta dagoen jendeak osatzen du gure taldea”.
Hori horrela, kalea beraien zelai jokorik berezkoena dela hausnartuta, astelehenetan herriko plazetan egon dira pentsiodunak, eta askotariko jendeagaz topo egin dute. Desberdinen arteko aniztasun horrek beraien mugimenduaren “sendotasuna” eragin duela diote.