Ibiliz gertatutakoa gogoratuz
1882. urteko urtarrilaren 8an batu ziren gaur egun Gernika eta Lumo, eta urteurrena 137. urteurrena gogorarazteko, urteroko ibilbidea egin zuten domekan.
Lurraldeetako mugak aldakorrak izan dira mendeetan zehar, eta liskarrak sortzen dituzte aldaketa askok eta askok. Gernika eta Lumoren bat egiteak badauka berea. 1882. urteko urtarrilaren 8an batu ziren gaur egun Gernika-Lumoko udalerria osatzen duten bi herriak, eta urteurrena gogorarazteko, urteroko ibilbidea egin zuten domekan.
Domekan 9:00etan Gernika-Lumoko Udaletxeko ordulariak kanpaia jo zuenean atera ziren Foruen plazatik. Hiru orduz mugaren alde batean eta bestean ibili ziren, Gernikazarra Historia Taldeko kideak batasunaren nondik norakoak azaltzen zituzten bitartean.
Erdi Aroan Gernika Lumok zituen auzoetako bat zen, baina 1366. urtean On Tello kondeak Gernika hiri bihurtu zuen, dekretuz. Lumorengandik bereiztu, eta Gernikari lursail handiak, eskubideak eta pribilegioak eman zizkiola azaldu zuten Gernikazarra taldekoek. Diotenez, hori izan zen bi herrien arteko liskarren abiapuntua. Izan ere, Lumok ez zuen onartu On Tello kondearen erabakia. Hala, Lumok zeukan lurrak eta eskubideak berreskuratzeko nahiak liskarrak sortu zituen bi herrien eta herritarren artean.
XIX. mendeak, baina, industriak indarra hartu zuen, eta liskarrekin ibiltzeak ez zion onik egiten bi herrien ekonomiari. Gernikak industria garatzeko legedi egokia zuen, eta Lumok lurrak zituen. Hala, Gernikan bizi ziren jauntxoek dekretu berri baten bidez bien arteko batasuna lortu zuten. Ordutik, ez da dekretua berrizteko ahaleginik egin.
Mugarriak bisitatu. Geldialdiz geldialdi tokian tokiko historioak ezagutu zituzten bertaratutakoek, eta iraganean Gernika eta Lumoren arteko mugak zehazten zituzten mojoiak ikusi zituzten. Besteren artean, Errigoitia, Lumo eta Muxika herrien arteko muga zehazten zuen mugarrian gelditu ziren, eta hiru herriren muga den legez, hiru aurpegiko mugarria zela ikusi zuten. Mojoiak bisitatzeaz ezeze, antzina Gernikako eta Lumoko kale nagusiak zirenak zeharkatu zituzten, bakoitzaren historioa zein den azalduz. Antzina Lumoko udaletxea zenaren leku enblematikoak ere ikusi zuten.
Hamahiru kilometro inguru ibili eta gero, indarrak hartzeko aukera eduki zuten ibilaldian parte hartu zutenek, eta Lumoko txokoan bazkaria egin zuten. Tarte luzez ibili ziren, bataren eta bestearen arteko harremanak suspertuz.