Gernika RTk ezin izan du La Unica garaitu Emakumezkoen Euskal Ligan
Basurdeek bigarren zatian ondo jokatu badute ere, lehen zatiko iruñearren nagusitana giltzarria izan da.
Emakumezkoen Euskal Ligan, Gernika Rugby Taldeak 78-17 galdu zuen La Unica Rugby Taldearen kontra domekan, Iruñean. Bigarren zatian oso ondo aritu ziren basurdeak, baina, ez zen nahikoa izan talde nafarrak ordurako zeukan aldea murrizteko. Izan ere, lehen zatian nagusitasun osoa izan zuen etxeko taldeak. “Bigarren zatia oso ona izan zen; aurre egin genien”, esan du Maite Bilbaok.
Hala, bigarren zatian egindako lanagaz «oso harro» daudela azpimarratu du. “Hamaika jokalari geunden, eta baten bat kili-kolo zegoen. Pare batek min hartu eta hiru jokalari gutxiago izanez gero, partidua bertan behera geratzen da, eta horregatik zer egin erabaki behar genuen”.
Aurrera egitea erabaki , eta bigarren zatia ikusgarria izan zela dio: “Eurek taldea osorik aldatu zuten bigarren zatirako, pentsatzen genuen okerrago jokatuko genuela, nekea igarriko genuela, baina, kontrakoa gertatu zen”.
Talde gernikarrari dagokionez, partiduan hiru entsegu egitea lortu zuten. Lehenengoa Nahia Goirienarena izan zen, eta Batirtzek transformatu zuen. Batirtzek berak egin zuen bigarrena, eta hirugarrena, berriz, Goirienak.
Bigarren zatian, esaterako, bina entsegu egin zituzten.
Min hartutakoak bueltan
Denboraldi honetan min hartu nahikotxo izan dituzte talde gernikarrean eta Bilbaok azaldu duenez, horrek nabarmen eragin die jokoan. “Orain hamabira jokatzen hasi gara, eta Iruñeara ere hamabi joatekoak ginen, baina, jokalari batek azken orduko arazo bat izan zuen eta hamaika jokalarik jokatu behar izan genuen. Hala ere, hurrengo partiduan hamalau-hamabost jokalari izango garela aurreikusten dugu”.
Gaztedi
Hurrengo jardunaldia Gaztediren kontra lehiatuko dute, etxean. Zapatuan 17:00etan hasiko da bi taldeen arteko partidua, eta oso garrantzitsua izango dela adierazi du: “Esan digutenez, eurak ere ez dabiltza oso ondo. Normalean bi taldeok parekatuta egoten gara, beraz, espero dugu oraingoan irabazi ahal izatea”.
Hurrengo partidua Donostian jokatuko dute, Bera-Beraren kontra, eta otsailaren 10ean lehiatuko dute azken neurketa Hernaniren kontra, Urbietan. Azken hori, aurreko jardunaldi batean atzeratu behar izan zuten federazioko beste partidu bat egon zelako.
Ondoren, ligaren bigarren partea izango dute. Horretan, orain arte dauden 11 taldeak bi multzotan arituko dira. Lehen lau sailkatuek euren arteko ligaxka lehiatuko dute, eta gainontzeko zazpi taldeak elkarren kontra ariko dira.