Ligako hamabigarren garaipena, Valentzian

15 jardunalditik 12 irabazi ditu Lointek Gernika Bizkaiak. Dia Ligan talde sendoa dela erakusten jarraitzen du. Eurokopa agurtu eta bi egun eskasera, 64-70 nagusitu zitzaion Valencia Basketi, Fontetan.
Emakumezkoen Ligaren sailkapenean hirugarren postuan jarraitzen du talde gernikarrak. 27 puntu ditu, Spar Citylift Girona liderrak eta Perfumerias Avenida bigarrenak baino bi puntu gutxiago.
Zapatuko partiduan bigarren laurdena giltzarria izan zen; 13-30eko partziala egin zuen Lointekek. Dietrick-en agurreko neurketa izan zen, eta 21 puntu lortuta eman zion amaiera talde gernikarrean egindako ibilbideari.
8-1eko partzialagaz hasi zuen etxeko taldeak norgehiagoka. Indarra da valentziarren ezaugarrietako bat, eta Lointekeko jokalariei EuroCup Women txapelketako eta ligako jardunaldiak uztartzeak eragin ziela ikusi zen hasierako minutuetan. Partiduan sartzea kostatu zitzaien.
Hamar puntuko aldeagaz amaitu zuten lehen laurdena (17-7), eta bigarrenean egoera guztiz aldatu zen. Ariztimuñok, Diezek eta Mazionytek defentsa lana indartu zuten, eta Dietrick-ek berea eman zuen susperraldirako. Atzean zein aurrean ondo arituta, 0-13ko partziala eskuratu zuten.
Markagailuan iraulita, zazpi puntuko aldeagaz heldu ziren atsedenaldira (30-37). Bigarren zatia hastean, Lointekeko jokalariak bigarren laurdeneko erritmo biziari eusten saiatu ziren, baina, etxeko jokalariak ez zeuden amore emateko prest. Valentziarrek markagailuko aldea murrizteko helburua zuten.
47-56ko markagailuagaz sartu ziren azken txanpan. Etxekoen 3.000 bat zaleek gogor animatu zuten euren taldea, eta garaipena lortzeko bultzada eman nahian aritu ziren. Lehia amaitzeko sei minutu eta erdiren faltan, Anna Gomez Lointekeko jokalari izandakoak hirukoa egin, eta 56-59ko emaitzagaz, Mario Lopez Lointekeko entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen. Asko zegoen jokoan. Hala, markagailuko nagusitasuna mantentzea lortu zuten jokalariek.