Hiru lagun atxilotu dituzte Muxikan, lapurretan saiatzeagatik
Segurtasun Sailak gaur jakitera eman duenez, Ertzaintzak zapatuan atxilotu zituen 19, 20 eta 24 urteko gizonezkoak.
Iturri berberak adierazi duenez, zapatuko 19:15ean zerbitzuz kanpo zegoen ertzain batek “jarrera susmagarri batekin” zebiltzan gazte batzuk antzeman zituen Muxikako etxebizitza batzuen inguruan, eta Ertzaintzari abisua eman zion.
Bi maleta eta poltsa bat. Babes zibileko patruila autoa hurreratu zen gunera, eta hiru gizonezkoak aurkitu zituen kalean. Susmagarriek “hainbat objektu” zeramatzaten bi maleta eta poltsa batean.
Susmagarriak identifikatu ostean, ertzainek Gernika-Lumoko Ertzainetxera eraman zituzten maletetan zeramatzaten objektuen jatorriaz galdetzeko.
Horrez gain, beste patruila bat susmagarriak identifikatu zituzten gunea arakatzen aritu zen. Argitu dutenez, etxebizitza bateko pertsiana igota zegoela ikusi, eta lorategira ematen zuen “ate bat indarrez irekita” zegoela nabaritu zuten.
Hori ikusita Ertzaintzak maletetan aurkitutako objektuak aipatutako etxebizitzakoak zirela egiaztatu zuen. Gainera, identifikatuen ondasunen artean “beste pertsona baten izenean zeuden diru zorroa eta dokumentuak” aurkitu zituzten. Horiek urtarrilaren 11n Bilbon lapurtutakoak zirela egiaztatu zuten.
Ertzaintzak hiru gizonezkoak atxilotu zituen. Adierazi dutenez, dagoeneko aurrekari penalak zituzten, indarrez egindako lapurreta bategatik. Atxilotuak Gernika-Lumoko guardiako epaitegiaren eskuetan utzi zituzten atzo.