Gaztedi, Goiherri eta Monnickendam nagusitu dira Zeberioko Nazioarteko Sokatira Txapelketan
Atzo goizean lehiatu zuten Zeberioko Nazioarteko Sokatira Txapelketa, eta lau kategorietako norgehiagokak hartu zituen herriko frontoiak.
Gaztedi talde bizkaitarreko sokatiralariek aipatu lau kategorietatik bitan jantzi zuten txapela. Emakumezkoen 520 kilotan sei taldek jokatu zuten denek denen kontra, eta Gaztedi izan zen onena. Hain zuzen, Batirtze Ispizua eta Erika Julieth Rojas bermeotarrak eta Goizalde Aransolo muxikarra daude Laukizeko talde horretan. Beti Gazte talde nafarra eta Ibarra gipuzkoarra sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Gizonezkoekin eta emakumezkoekin osatutako talde mistoen 600 kiloko pisuan ere talde bizkaitarra izan zen irabazlea. Kategoria horretan, bederatzi talde aritu ziren bi multzotan banatuta, eta multzo bakoitzean lehen bi postuak lortu zituzten taldeak finalerdietarako txartela eskuratu zuten. Gaztedi A-rentzat izan zen txapela eta Ayrshire talde eskoziarrak eta Monnickendam talde holandarrak osatu zuten podiuma.
Gizonezkoen 640 kilotan 11 talde aritu ziren zein baino zein gehiago, tartean, Murueta. Horiek ere bi multzotan banatu zituzten, eta multzo bakoitzean lehen bi postuak lortu zituzten taldeak sailkatu ziren finalaurrekoetara. Holandako Monnickendam taldea nagusitu zen, Beti Gazte geratu zen txapeldunorde eta Gaztedi hirugarren.
Bestalde, gazte kategorian (520-560 kilo) bost talde lehiatu ziren denak denen kontra. Goiherri, Gaztedi, Berriozar, Iurreta eta Antsoain. Goiherri talde bizkaitarra izan zen garailea, eta Gaztedi talde bizkaitarra eta Berriozar nafarra izan ziren bigarren eta hirugarren sailkatuak.