Azpiegiturak hobetzeko hiru obra egiteko 557.350 euro bideratuko ditu BUP-ek
Bermeoko portu zaharrean eta ur biltegian eta Kanpantxuko ponpaketa instalazioetan egingo dituzte saneamentu eta hornikuntza lanetara bideratutako obrak.
Bermeoko portu zaharrean eta ur biltegian eta Kanpantxuko ponpaketa instalazioetan egingo dituzte saneamentu eta hornikuntza lanetara bideratutako obrak. Horretarako, 2019. urteko aurrekontuko 557.350 euro erabiliko dituzte.
Kalitatezko ura edukitzeko eta ingurumena errespetatzen duen ur kudeaketa burutzeko “ezinbesteko jarduerak” direla horiek azaldu du Busturialdeko Ur Partzuergoak: “Ur zerbitzu orokorra emateak etengabeko egokitzapenak eskatzen ditu, araudiaren eta ingurumenaren araberakoak. Eta erantzukizun horiei erantzuna ematea ezinbestekoa da ur kalitatea bermatzeko”. Hala, aurrekontuaren “zati handi bat” zuzendu dute inbertsio lanetara, espezializazio eta teknologia kota handiagoak lortzeko eta uraren kudeaketa orokorraren kontrol handiagoa izateko.
Busturialdeko Ur Partzuergoaren instalazioak hobetzeko hiru lanak “laster” hasiko direla adierazi dute arduradunek. Bermeoko Almikeko ur biltegiaren egituraren konponketa, inpermeabilizazioa eta egokitzapena egitea izango da inbertsio gehien suposatuko duen lana; 272.356,985 euroko aurrekontua erabiliko da horretarako, eta hiru hilabetetan egitea aurreikusi dute.
Almikeko ur biltegiak bermeotarrak hornitzen ditu, eta egitura 1927. urtekoa da. 2016. urtean, 220.000 euroko gastuagaz balbula gela berriztu zuten, eta bigarren fasearen bitartez, biltegi osoa berriztu gura dutela adierazi dute.
Kanpantxuko ponpaketa instalazioa osorik berrizteko, berriz, 236.413 eurotako inbertsioa egingo dute. Kanpantxuko instalazioak Gernika-Lumoko Edateko Uren Tratamendutegira bideratzen du ur gordina, eta hori, eskuz kontrolatzen diren 22kw-ko hiru ponpen bidez egiten du. Egokitzapen teknikoak egin eta gero, instalazio berriak urrutiko kontrolen bidez Burgoako EUT-tik ur ekarpenak egitea eta ponpaketa gaitasuna gehitzea ahalbideratuko du. Proiektu hau ere, hiru hilabetetan bukatuta eduki gura dute.
Hirugarren jarduera, berriz, Bermeoko portu zaharraren saneamendua hobetzeari zuzenduta dago. Lanagaz Frantxu ponpaketa hoditerietako arazoa konpondu gura dute: “Itsas intrusioek Lamiaraneko hondakin uren bultzada oztopatzen dute. Horregatik, kolektore nagusiko arazoa zuzentzea ezinbestekoa da”. Aldaketa burututa, itsasora egiten diren isurketak ekidituko dituztela azaldu dute. Obra hau burutzeko 72.838,37 euroko aurrekontua zehaztu dute, eta hiru hilabeteko epean egingo dela aurreikusi dute.
Mantenurako kostuak, gorantz. Busturialdeko Ur Partzuergoaren erronka nagusiak aipatu obrak eta etorkizunean egon daitezkeen ustiapen eta amortizazio kostuak direla aitortu dute arduradunek, “horien mantenimendua konplexua delako”. Horregatik, BUP Bilbao Bizkaian sartzeko pausoak kudeatzen ari dela aitortu dute arduradunek: “Busturialdeko bizilagunok uragatik Bizkaiko herritarren baino gehiago ez ordaintzeko, eta kostuen lurraldeko oreka ezartzeko”.
Izan ere, aipatu dutenez, 2019. urteko aurrekontuaren %80 dago eragiketa eta mantenimenduko gastuei zuzenduta, baina, Urdaibaiko Saneamendu eta Hornikuntza Planaren azpiegiturak gehitzen doazen heinean kostua ere handitzen joango dela zehaztu dute: “Naiderrek burututako azterketaren arabera, igotzen doazen kostuek eragin zuzena edukiko dute BUPeko bezeroen fakturan: 2016. urteagaz alderatuta 2021. urtean uraren prezioa %21,7 igoko litzateke; 2030. urteari erreparatuz, berriz, %24”.
Naiderrek egindako azterketak Lamiaran eta Gernika-Lumoko hondakin uren araztegiak batera izateak suposatzen duen kostuak ere aztertu ditu. 2019. urtean gastua 248.600 eurokoa izango da, eta 2021. urtean gastuen kopurua 1.215.300 eurora igoko dela aurreikusi du.
Gainera, 327 km dituen lehen mailako hornikuntza sareagaz, 281 km dituen bigarren mailako sareagaz eta 225 km-ko saneamendukoagaz, ikerketaren arabera, 225 milioi eurokoa da itzuli beharreko aktibo historikoen zenbatekoa.