Giza eskubideak errespetatzen dituen mundu baketsuago edo bidezkoago bat eraikitzen saiatu diren 32 pertsonen egitekoak ezagutarazten ditu Bakearen Museoan dagoen ‘Bakegileak’ lanak.
Gerra eta bakea. Justizia eta injustizia. Poztasuna eta tristura. Milaka egon daitezkeen egoera horiez jardutean, askotan gogoratzen da egoera baten kontrako esanahia duen beste berba. Bat eta bestea elkartzea ohiko praktika da, batak bestea barik zentzua galduko balu bezala.
Gerra eta bakea dira elkarte horren adibide argia, biek elkarregaz zerikusi zuzena dutelako. Gatazka egoera asko izan dira urteen joanean, eta batzuk gogoratzen diren moduan, besteak ezagutu ere ez dira egiten. Gernika-Lumoko Bakearen Museoak
Bakegileak izeneko denbora baterako erakusketa jarri du museoaren beheko solairuan, eta
martxoaren 17ra bitartean egongo da ikusgai.
Bakearen kultura hedatzen, giza eskubideak errespetatzen eta planeta zaintzen eta babesten aritu diren pertsonen lana balioan jartzeko asmoz eraman du aurrera erakusketa.
Mundu osoan milaka pertsonek egindako lana ahanzturan geratzen dela salatu, eta bakearen alde egiteko erantzukizun hori hartu duten
mundu osoko 32 ezagun eta ezezagunagoen lanak azaleratu ditu erakusketagaz.
Bildumaren helburua zehatza da: bertaratzen diren pertsonen hausnarketa bultzatzea. Izan ere,
Bakearen alde ari diren edo aritzen ziren hamar pertsonen izenak emateko gai al zara? galderagaz hasten da erakusketa. Galdera horri erantzuna ematea ziurrenik “zaila” dela arrazoituta, bilduma ikustera gonbidatzen ditu herritarrak. “Askoz errazagoa” izango litzatekeela indarkeria edo biolentziagaz lotutako pertsonak aipatzea diote erakusketaren arduradunek, “gai hauen inguruan ezjakintasun handia dagoelako”.
Lagin zabala. Gaur egungo gizarteak duen bake eredu “gabezia” arintzeko asmoz, beraz, ezagunak eta ez oso ezagunak diren norbanakoen egitekoak batu ditu. “Aldi baterako erakusketan aurki daitezkeen mundu osoko 32 bake ereduak gure planetan bakea eraikitzen duten milioka eta milioika pertsonen artetik hartutako lagin txikitxo bat baino ez dira, eta bizi izan duten edo daramaten bizimoduan mundu baketsuagoa, bidezkoagoa eta giza eskubideak errespetatzen dituen planeta eraikitzen saiatzen dira”, adierazi dute erakusketako arduradunek.
Izen handiez gain, horrenbeste ezagutzen ez direnenak ere badaude. Malala Yousafzai, William Kelly, Martin Luther King edota Nelson Mandela bezalako bakegileen egitekoak ezagutarazten ditu bildumak. Baita horren ezagunak ez diren eta beste kultura batekoak diren Mandana Shiva, Kumo Naidoo eta Elise Boulding-en nondik norakoak ere.
Munduko 32 bakegile jasotzen dituen lana martxoaren 17ra arte bisitatu ahalko da
Eskubide zibilen alde hainbat ekintza politiko burutu zituen, esaterako,
Rosa Parksek. Estatu Batuetako Eskubide Zibilen Aldeko Mugimenduko aktibista garrantzitsua izan zen, eta 1955eko abenduaren 1ean berari gertatutakoa gogorarazten du erakusketak.Parksek uko egin zion bere eserlekua gizonezko zuri bati utzi eta autobusaren atzealdean esertzeari, orduko AEBetako hegoaldeko legeak zioenaren aurka. Ondorioz, preso hartu zuten. Egoera hori jasotzeaz gain, emakumeak burututako hainbat ekintzen berri ematen du bere irudiaren ondoan kokatutako informazio taulak.
Besteren artean, William Kelly artista garaikidearen egitekoa ikus daiteke. Bere artea aktibismoagaz suspertzeagatik da ezaguna artista australiarra, eta giza eskubideen alde egindako lanagatik hiru herrialdetan jaso ditu sariak: Australian Violence Prevention Award saria jaso zuen; Euskal Herrian Gernika-Lumoko Hiri Aipua eman zioten; eta Estatu Batuetan, Courage of Concience Award saria.
Munduko bakezaleez gain, tokian tokiko egitekoak ere batu ditu Bakearen Museoak, eta erakusketan ikusi daitezke, esate baterako,
Maria Oianguren bakegileak egindako ekintzak. Gernika Gogoratuz ikerketa zentroko buru da, eta memoria historikoa lantzearen aldeko hainbat eta hainbat lan bideratu eta egin ditu.
Erakusketan, gainera, ikus-entzunezko batean laburtzen dira aipatu bakegileen irudiak eta egitekoak. Informazioa modu teorikoan emateaz gain, erakusketan irakurritakoak eta ikusitakoak
praktikan jartzeko aukera daukate bertaratzen direnek. Izan ere,
mahai joko bategaz jolastu daiteke. Adin guztietako pertsonentzat egokitutako jokoa da, eta galderez gain, eranskailuak eta argazkiak biltzen ditu.