Arratzuko ur saneamendua hobetu eta garbiketa maila handiagoa lortzeko
tratamendu biologikoa erabiltzen hasi da Arratzuko Udala. Lehen emaitzak ikusita, tratamenduaren
eraginkortasuna baieztatu dute udal ordezkariek: “Egun gutxitan emaitza onak lortu dira. Arazo larriak izan dituzten ubideetan parametro kutsakorrak zeharo murriztu dira-eta”.
Arratzuko alkatea eta teknikaria errekako ura ikusten. Argazkia: Arratzuko Udala
Arduradunek jakinarazi dutenez, tratamendu biologiko berriak ez dauka eragin handirik ingurugiroan: “Metodo honek
ez du ura zikintzen, eta ez ditu usainak sortzen. Gainera, ponpaketa gauzatzeko ez daukagu kamioia erabili beharrik”.
Saneamendu sistema berriaren bitartez, hobi septiko batean aurki daitezkeen
mikroorganismoek elementu solido organikoak deuseztatzen dituzte Arratzun. Hau da, prozesu natural baten bitartez sortutako bakteriek hondakinen eduki organikoa murrizteko prozesua jartzen dute martxan. Hori likido batean dauden bakterio bizien konbinazioarekin lortzen dute, “kutsatutako hondakin industrialen, nekazaritzako edota etxeetako uren tratamenduan erabiltzen den likidoagaz, alegia”.
Gero eta gehiago erabiltzen den teknika. Era honetako teknologiak mundu guztian gero eta gehiago erabiltzen direla adierazi dute Arratzuko Udal ordezkariek: “Mekanikoak eta kimikoak diren beste prozesu batzuekin alderatuta eraginkorragoak eta ekonomikoagoak dira tratemendu biologikoak”.
Bizirik dauden organismoak erabiltzen ditu tratamenduak, produktuak edo prozesuak sortu edo moldatzeko. Hala, ingurugiroa errespetatzen du, eta garbitasun garestiak eta ponpaketa prozedurak ekidi daitezke. Gainera,
isurketa kutsakorrak gutxitzen dituela adierazi dute, “ur zikinetan dauden parasitoak eta patogenoak murriztuz eta ingurugiroan dauden landare eta animaliak babesten ditu”.