Urte berriagaz batera, herri
lurren hedadura handitu du Eako Udalak, antzinako paper-fabrikako lursaila erosita.
2 Hektarea dituen gune hori herriarena izatea garrantzitsua dela esan du herriko alkate Iratxe Arriolak: «hirigunetik gertu dago kokatuta, eta burdinolaren monumentu-gunearen zein Urtubiaga errotaren ondoan dago».
Alkatearen esanetan, Eako
leku karismadunenetakoa da inguru hori, eta herritarrentzat berreskuratzea eta egokitzea erabaki du udalak. Erabilera ludikoa eta soziala eman gura dio paper-fabrika hartzen zuen inguru horri.
Urtarrilaren 4an sinatu zuten lursail horren salerosketa.
15.000 euro ordaindu ditu Eako Udalak, eta bertan,
213 ibilgailurentzako aparkalekua, berdegunea eta industiagune txiki bat egokituko dituzte. Plan Orokorrean jarduera hori jasota dago, baina lanokin noiz hasiko diren ez dute zehaztu oraindik.
Arriolak azaldu duenaren arabera, URA agentziarekin akordioa sinatzeko asmoa ere badu Udalak, eta ostean zehaztuko dute proeiktua garatzeko zenbateko aurrekontua erabiliko duten.
Lanokin noiz hasiko diren ere zehaztu gabe du oraindik Eako Udalak. «Epe laburrera lursail horretan dauden eraikinak botako ditugu», esan du Arriolak.
Herriko ekonomia lagundu. Industriagunea herriko
enpresariei eta Eako jarduera ekonomikoari laguntzeko izango da. «Herriko gremioengan edo negozioengan pentsatuta erabaki dugu gune horretan industriagune txiki bat egokitzea», azaldu du alkateak. Bertan ipiniko dute, baita, udalaren biltegia.
Ingurua txukuntzeko lanak egingo dituzte aurten, egokitzeko obrekin hasi aurretik. Paisaia plana egina dute dagoeneko, Jaurlaritzaren laguntzarekin burutu zuten. Hala ere, herritarren
iritzia jasotzeko tailerrak antolatzea egokia izan daitekeela pentsatu dute udal arduradunek, eta aukera hori ere aztertzen ari direla azaldu du Iratxe Arriolak.
Kaleei zabaltasuna eman. Antzinako paper-fabrikako lursaila berreskuratzeaz gain, hirigunean ere
beste bi solairu erosi dituela jakinarazi du Eako Udalak; Kale Nagusian, hain zuzen ere. Erriberan gune publikoari leku gehiago ematea da asmoa, Eako alkateak azaldu duenez. Herri barruko kaleak estuak direla azaldu du, eta herriko bi solairu horiek egokituta
kaleei zabaltasuna ematea dela udalaren asmoa.