‘Piztu itxaropena’ lelopean, Besalde elkarteak (Bermeo Sahararen Alde) Aljeriako errefuxiatu sahararren kanpamentuetara bidaltzeko
janari bilketa kanpainari ekin dio beste urte batez.
Elkartearen arduradunek nabarmendu dutenez,
hamabosgarren aldiz prestatu duten kanpaina horren helburu nagusia herri
sahararrari “ahalik eta elikagai kopuru gehiena eramatea” da, errefuxiatuen kanpamentuetan duten “elikagai falta asetzeko”.
Zehaztu dutenez, aurton prestatu duten kanpainak urtarrilaren 19ra arte iraungo du. Bermeoko
San Frantzisko elizako lokalean
astelehenetik ostiralera 18:30etik 20:00etara bitartean ariko dira janaria biltzen. Kanpaina ez da horra soilik mugatuko. Izan ere, Bermeoko, Mundakako, Busturiko, Gernika-Lumoko, Muxikako eta Arteagako
denda, supermerkatu eta hezkuntza zentroetara ere zabalduko da janari bilketa.
Gainera, asteburuetan supermerkatuetan kanpainaren berri emateko
esku orriak banatzen egongo direla azpimarratu dute. Bermeon lehenik, eta azken asteburuan Gernika-Lumon.
Joan den urtean egindako janari bilketa. Argazkia: Besalde.
Beharrezko laguntza. Besaldeko ordezkarien berbetan arroza, egoskariak, pasta, azukrea, hegaluzea oliotan eta sardinak batuko dituzte. Ez hori bakarrik, garbitasun gaiak ere bidaliko dituztela adierazi dute, konpresak esate baterako. “Saharar herriak 43 urte daramatza Aljeriako basamortu latzean Marokok okupatutako euren benetako herrialdera noiz itzuliko itxaroten”, azaldu dute. “Basamortu horretan ez da ezer hazten, ez dago urik, ez elektrizitaterik, han erakundeek eta herriek bidalitako laguntzagaz baino ez dira bizi”.
Hori dela eta, Sahararen aldeko elkarteek urtero antolatzen dute karabana bat jasotzen diren elikagaiak basamortura bidaltzeko, errefuxiatuen bizi baldintzak hobetzeko ahalegina eginda.
Joan den urtean egindako kanpainan
6.306 kilo jaki bildu zituzten busturialdean Saharar errefuxiatuen kanpamentuetara bidaltzeko. Elkarteko arduradunek “herriak eta udalek adierazi duten eskuzabaltasuna eta solidaritatea eskertu nahi” izan du.