Gernikako mugetatik ibilaldia egingo dute domekan
Urtero legez, Gernikazarra Historia Taldeak antolatuta, Gernikak eta Lumok bat egin zuteneko urteurrena gogoratzeko ibilaldia egingo dute gernikarrek. 1882ko urtarrilaren 8an batu ziren Lumo eta Gernika, eta urteak dira data hori gogora ekartzeko ibila...
Aurten urtarrilaren 13an egingo dute martxa, domekaz. Goizeko 09:00etan batuko dira Gernika-Lumoko Foru plazan, eta kanpaien soinuagaz batera aterako dira Lumorantz. Guztira, hiru ordu eta erdiko ibilbidea egingo dutela jakinarazi dute antolatzaileek.
Foruen plazatik Lumoko Udaletxe zaharrera joango dira. Gero, Landaberde, Elorretalanda eta Errigoiti zeharkatuko dituzte. Bilikariotik Aranara eta handik Lurgorrira joango dira Lumoko San Pedron bukatzeko.
Erdi Aroan, Gernika Lumoren auzoa zen, eta elizatearen portu funtzioak betetzen zituen.
1366. urtean, baina, Don Tellok dekretuz Gernika hiri bihurtu zuenean, Lumorengandik banandu zuen, eta lursail handiak Gernikarenak izatera pasatu ziren. Gainera, eskubideak eta pribilegioak ere eman zizkion Don Tellok Gernikari. Giro horretan, bi herrien arteko liskarrak gero eta handiagoak ziren.
Arrazoi ekonomikoak
XIX. mende amaieran, arrazoi ekonomikoak medio eta industria garatzen hasi zenez gero, herri bien arteko arazoak konpontzea beharrezkoa ikusi zuten: Gernikak zuen legedia egokia zen industria garatzeko, eta Lumok lursail egokiak zituen ibarrean.