Bitartekari lanpostua betetzeko deialdia egin du Astrak
Astran bitartekari lanak beteko dituen pertsona baten bila dabiltza. Deialdi horretara aurkezten diren hautagaiek aukeraketa prozesu bat pasatu beharko dute. Aukeraketan, gainera, noizbait Astran parte hartu duen edonork parte har dezakeela jakinarazi dute.
Lanpostu deialdian parte hartzeko baldintzak ere zehaztu ditu Astrak. Kulturarako fabrika sozialaren proiektua eta Gernika-Lumoko elkarte eta gizarte zein kultura mugimenduaren errealitatea ondo ezagutzea, proiektuaren filosofia barneratua izatea, Gernikaldean bizitzea, langabezian egotea, euskaraz jakitea eta bertoko euskara ulertzeko gai izatea eta euskaraz modu egokian idazteko gaitasuna edukitzea dira ezarritako baldintzak.
Astrak lanaldi erdiko kontratua –astean bost egun eta egunean lau ordu– eskaintzen du. Soldata gordina izango da, hilean 600 eurokoa –gizarte segurantzarekin–. Gainera, soldataren parte bat derrigorrezko beharrizanak asetzeko baliabideetan jaso daiteke, dirutan jaso ordez. Halaber, lan talde dinamiko batean sartzea eskaintzen du, baita Astra proiektuari bultzada emateko aukera ere.
Urtarrilaren 18a baino lehen. Eskabideak egiteko azken eguna da urtarrilaren 18a. Bi egun beranduago, urtarrilaren 20an, lanpostura aurkeztutako kideekin bilera informatiboa egingo du Astrako Koordinadorak. Gero, hautagai bakoitzagaz banakako ahozko elkarrizketa egingo dute komunitateko kideek.
Izena emateko info@astragernika.net helbide elektronikora idatzi behar da. Bertan, izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu beharko dira.