Stuttgarteko CMT turismo azokan egongo da Gernika-Lumoko turismo eskaintza
Gernika-Lumoko turismo eskaintza Stuttgarteko (Alemania) CMT turismo azokan izango da. Turismoaren alorreko bigarren azoka garrantzitsuena da Alemanian, Berlingo azoka nagusiaren ostean.
Zapatuan zabalduko ditu ateak azokak, eta Gernika-Lumoko turismo bulegoak, Pforzheimekoagaz eta honekin anaitutako beste herrietako bulegoekin elkarbanatuko du postua. Bertan, besteren artean, udalerriko Batzarretxea, Gernikako Arbola, Europako Herrialdeen Parkea, Picassoren Gernika margolanaren erreprodukzioa, Merkatu plaza, Jai Alai frontoia, Pasealekua edota Astra ezagutaraziko ditu alemaniarren artean.
Turismo Bulegoak lehen aldiz alemaniarrez eginiko liburuxka eramago du azokara, baita Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako informazioa biltzen duen dokumentua ere. Halaber, azokan aurreskua dantzatuko duen dantzaria ere izango da Alemanian.
2.068 erakustoki. Urtarrilaren 12tik 20ra bitartean, bederatzi egunez, munduko eskaintza turistikoak ikusgai egongo dira Stuttgarteko CMT azokan. Herri zein hirietako informazioa ezeze, txirrindularitzarekin, itsas bidaiekin edota golfarekin zerikusia duten eskaintzak ikusi ahalko dira. Urtero 2.068 erakustoki inguru egoten dira bertan, eta 220.000 bisitari baino gehiago hurbiltzen dira.