Onintza Enbeita: "Bidea zabaltzen animatu zirenengatik harro sentitzen naiz"
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen emakume txapelduna da Onintza Enbeita. Txapela "hobetzen eta ikasten" jarraitzeko motibazioa dela dio, "plazan astebururo onena emateko".
2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapelduna Onintza Enbeita Maguregi. Zer pentsatzen eta sentitzen da hori entzutean?
Poza sentitzen da, eta momentu batean puzgarri baten moduan hegaz aterako zarela gorantz pentsatzen duzu. Bat-batean, segundo bakarrean, zuri beltzezko argazki piloa pasatu zitzaizkidan burutik: Zenbat urte egon garen honetarako lanean, zenbat urtetan pentsatu dudan momentu horretan, eta mila bider imajinatu, eta gero, nik inoiz pentsatu dudana baino askoz ederragoa izan zen dena. Lortutakoan pentsatu nuen, eta Etxahunek besarkada eman eta belarrira ‘asko pozten naiz bene-benetan’ esan zidanean poztasun handia hartu nuen. Nire betiko ahaleginek errekonozimentua izan zutela sentitu nuen.
Finaletik ia astebetera zelan dago Onintza?
Zapatuan, Como una ola eta, orain, Maria gora maria behera Itoitzek abesten zuen moduan. Irudiak ikusten ditudanean negar batean hasten naiz. Jendeak oraindik deitu egiten dit, eta oraindik gora-behera handiekin nago. Lanera joan behar dut egunero, eta tartean hau guztia dago. Poz handi batean murgilduta sentitzen naiz, eta baita, nahaste handi batean ere.
2006ko finala izan zen lehenengoa zuretzako, eta zazpigarrenean irabazi. Lehen finaletik gaur arte asko aldatu zarela igartzen duzu?
Bizitza garapen metagarria da. Garatzen goaz, eta bizi ditugun gauza guztiak metatzen dira guregan. 2006tik gaur egunera arte, bi urterik behin prestatu ditut txapelketak, lan asko egin dut. Eta zazpigarrenera aurretik egin dudan lan guzti horregaz iritsi naiz. Hazi egin naiz, esperientzi gogorrak bizi izan ditut urte hauetan; tartean, diputatu egon naiz Madrilen. Hori guztia metatuz doa, eta 2018an sentipen horiek guztiak bideratzeko eta laburbiltzeko bide bat aurkitu dut.
Zelan ikusten zenuen zure burua finalean?
Estu. Aspaldian ez naiz final bat hasi aurretik hain urduri egon. Arratsaldeko 16:00etan zozketa egin genuen, eta hortik 17:00etarako tartea oso luzea egin zitzaidan. Momentu pertsonal on batean sentitzen naiz, baina, finalera begira oso urduri nengoen. Orain bi urte presio gehiago neukan, hango hartan kinieletan nengoen, eta oraingoan ez. Alde horretatik, presio gutxiago neukan, baina txapelketa ez nuela ondo prestatu pentsatzen nenbilen.
Buruz burukora pasatzea sorpresaz hartu zenuen?
Zortziko txikia eta gero, puntu eta erantzunak etorri ziren. Gero, hamarreko txikia. Lehenengo bikotea Xabat eta Nerea izan ziren, eta gero, Etxahun eta ni. Orduan, Etxahunek ‘Onintza oso ondo zoaz eta eutsi horri’ esan zidan. Nik orduan, ‘hauek beti daude berdin, eta gero eurak irabazten dute’ pentsatu nuen. Ondo ikusten nuen nire burua, baina, besteak ere ondo aritu ziren. Norberak bere burua buruz burukoan ikusteko segurtasun handia behar du izan; nik ez nuen horrelakorik. Behin buruz burukoa amaituta, ‘edo berak edo zuk irabaziko duzu hau’ esaten nion nire buruari. Orduan konturatu nintzen irabaz nezakeela. Eta gertatu zen.
Txapela lortuta, nire betiko ahaleginek errekonozimentua izan zutela sentitu nuen.
Noiz jo zuen goia saioak?
Saioak momentu on asko izan zituela uste dut. Nerea eta bion zortziko txikia oso ederra izan zen. Zortziko txikian Etxahun eta Xabat ondo aritu ziren, baita Abarkas hamarreko txikian ere. Aitor Bizkarraren bakarkakoa ona izan zen. Buruz burukoan seiko motza oso gai delikatua eta hunkigarria izan zen. Hala, saioa hainbat momentutan lehertu zen, eta jendeak gozatzeko une asko egon zirela uste dut.
Txapela eta aginte makila lehenengoz emakume baten eskuetan.
Askotan ardurak “marroiak” izaten dira, baina, kasu honetan ardura ederra da hau. Bizkaiko txapela lortu lehenengo andra zu izatea gauza handia da. Edozein emakume izanda ere, gauza handia izango zen. Nik urte batzuk daramatzat honetan, eta errekonozimendu hau merezi dudala sentitzen dut. Momentuan ez nuen horrelakorik ikusten, gero hasi naiz ohartzen historia egin dugula. Nerea Ibarzabalek buruz burukoan ‘Onintza espabilatu historia egin behar duzu’ esan zidan. Gauza handia da hori, leku bat irabazi dut bertsolaritzaren historian.
Gainera, kasualitatez, leku hori nire aitonaren ondoan irabazi dut. Bera izan zen Bizkaiko lehenengo txapelduna, eta gero ni lehenengo andra txapelduna. Harrotasun handia sentitzen dut nigatik eta bidea zabaltzen hasi ziren guztiengandik. Hau ez da nigaz hasi eta ez da nigaz amaituko. Gogorra izan zen hasiera, eta bidea zabaltzen animatu ziren horiengatik oso harro sentitzen naiz.
Neska ahalduna aipatu zenuen azken agurrean. Aldarrikapenak bere lekua behar zuen.
Gu gazteak ginenean hasi ginen bertsotan. Ez genekien ahalduntzea zer zen. Kolpeka ikasi ditugu gauza asko, eta entzuleen begiradapean indartzen joan garela sentitzen dut. Ez gara gizonezkoak imitatzeko ari bertsotan. Gure diskurtso propioa daukagu, baita egoteko modu propioa ere, eta hori erakusteko etorri gara. Ibilian ikasi dugu, eta gaur egun, bertsotan ahaldun sentitzen naiz, baina, lan eta kilometro asko kostatu zaizkit hori sentitzeak.
Final parekideak aipatu dira azkenaldian. Egoera asko aldatu dela esango zenuke?
Egoera aldatzen doa. Gaietan ere nabaritzen da. Hala ere, ikerketa baten arabera, bertsotan urte osoan egiten diren plazetan %20 bakarrik dira neskak. Emakume asko ikusten dira, baina guztiak batera jarriz gero, ez ikusteko besteko da ehuneko hori. Lan asko dago egiteko. Gauzak aldatzen doaz, noski. Baina, nerabezaroan plazara salto egiteko unea iristen denean neskak erretiratu egiten dira. Hori epaituta sentitzen direlako gertatzen da. Gure buruari hiru bider gehiago exijitzen diogula. Neska batek ‘bertsolaria naiz’ esateko urteak pasatu behar dira, eta mutilek hasieratik esaten dute; hori bada zerbaiten erakusle. Jarraitzen dugunak ziurtasuna daukagunok garela.
Plazetan ere igartzen al da?
Bizkaian laugarren aldiz lau emakume egon ginen finalean, eta inor ez zen neska izateagatik heldu. Herriko plazetan, baina, gizonezkoak gizonezko izateagatik gonbidatzen dituzte, neskak neska izateagatik gonbidatu beharrean. Mutilek umetatik aukera gehiago dituzte, eta presioa hobeto jasaten dute. Horregatik, elitean argi dago dena. Inork ez du zalantzan jartzen Maialen Lujanbio dela onena, eta hori errealitate objektiboa da. Niri kezkatzen nauena, “normalak” diren bertsolarien artean herriko jaietara hiru mutil eta neska bakarra eramateko erabakia da. Gauza asko lortu ditugu, baina inertzia asko apurtu beharrean gaude oraindik.
Txapela hobetzen eta ikasten jarraitzeko motibazioa da, plazan astebururo daukadan onena emateko
Osabak jantzi zizun txapela eta aitona izan zenuen gogoan agurrean. Transmisioaren adibidea da zuen familia.
Txapela osabak jartzea oso berezia izan zen. Berak jantziko ez bazidan, baliteke beste agur bat botatzea. Ni bertsolaria banaiz, aitonarengatik da. Bertsolaritzaren grina berak sartu zidan barruan. Osaba txapelagaz hurbiltzen ikusi nuenean aitonarengan pentsatu nuen, guzti honetan errudunen bat egon balego, bera izango zelako. Psikologoek 15 urtegaz sinbolikoki aita hil behar dela diote, norbera garatzeko eta askatzeko. 15-16 urtegaz bertsotan egiten nuenean, nire ahaleginak beste Enbeitatar bat ez izateko izan ziren. Onintza izan gura nuen, eta ahots propioa eduki nahi nuen. Lortu dut, baina ez dut ahazten nondik natorren, eta harro nago.
Aitonak zapatuan ikusiko bazintu, zer pentsatuko zukeen?
Harro egongo zela uste dut, eta ez bakarrik nitaz, bertsolaritzan lortu diren gauza guztiekin baino. Gerra ostean ibili zen bertsotan, euskara galasota zegoenean. Bertsolaritza berriro plazaratzeko ahalegin handia egin zuten, eta Bizkaiko Txapelketa sortu zuten. Horregatik, lortu den guztia ikusiko balu, oso harro sentituko zen. Eskoletan presente egotea, bertso udalekuak izatea, bertsotan edonorentzat lekua egotea… harro egotekoa da. Txapelketan norberak gura du txapela irabazi, baina bertsolaritza helburu kolektiboa da.
Finalak denak dira bereziak. Amestutakoa izan zen?
Duda barik. Planeta guztiak elkartu ziren, kosmosa nire alde egon zen eta aprobetxatzen jakin nuen. Orain urte batzuk niri norbaitek nire ametsetako gidoi bat idazteko esango banindu, nik ez nukeen hain gidoi ona idatziko. Etxahunegaz jokatu nuen buruz burukoa, eta nik beti nahi izan dudan gauza da hori. Maitek eta Idoiak esan zuten nire izena, eta biak oso pertsona kuttunak dira niretzat.
Zelan ikusi zenituen finalean beste zazpiak?
Momentu askotan lehertu zen finala ikusi nuen, zabalik zegoena. Buruz burukora zeintzuk pasatuko ginen jakiteko zalantza asko zeuden, eta denek zeukaten irabazteko aukeraren bat edo beste.
Nereagaz Ibarzabal eta Xabat Galletebeitiagaz entrenatzen ibili zara. Eurak ere hunkitu ziren.
Oso momentu polita izan zen, elkarren alboan tokatu zitzaigun, eta lehenago ere batera ibili gara entrenatzen. Eureri esker ez nuen galdu kontrola. Xabatek zentratzeko esaten zidan. Nik irabazi nuenean eEurak hain pozik ikustea ederra izan zen.
Plazari berak emandakoa itzuliko zeniola esan zenuen agurrean. Saioz saio hainbeste jaso duzu?
Batez ere Bizkaian oso bertsolari maitatua sentitu naiz, eta hori txapelak ez du aldatuko. Plazetan jarraitu gura dut, eta jendeari niri eurek eman didatena eman nahi diet, hori da nire konpromisoa. Eta txapela hobetzen eta ikasten jarraitzeko motibazioa da, plazan astebururo daukadan onena emateko. Bertsoak daukan onena da plaza. Txapelketak gauza asko ditu, baina plaza leku zoragarria da. Mendietan elurra denean eta plazan ez dakizunean zer aurkituko duzun, 50 lagun egoten dira mahai baten inguruan txaloak eta barreak botatzeko prest. Hori da bertsolaritzaren magia.
Udazken honetan txapela estreinatzeaz gain, azaroan Gure Doinuak programagaz aurrera eta atzera ibili zara. Zer moduz esperientzia berria?
Oso esperientzia ona izaten ari da. Sekulako taldea daukagu, eta kontatzen ditugun istorioak oso politak dira. Oso gustura nabil, momentu on batean nagoela esan nezake.