«Bidea zabaltzen animatu zirenengatik harro sentitzen naiz»
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen emakume txapelduna da Onintza Enbeita. Aitona izan zen lehen txapelduna, eta berdindu egin du ilobak. Plazan aritzeko indarra eman dio txapelak.«2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapelduna, Onintza Enbeita...
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen emakume txapelduna da Onintza Enbeita. Aitona izan zen lehen txapelduna, eta berdindu egin du ilobak. Plazan aritzeko indarra eman dio txapelak.
«2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapelduna, Onintza Enbeita Maguregi». Ze sentitzen da hori entzutean?Poza. Bat-batean, zuri-beltzezko argazki piloa pasatu zitzaizkidan burutik: zenbat urte egon garen honetarako lanean, zenbat urtetan pentsatu dudan finalean, eta mila bider imajinatu eta gero, nik inoiz pentsatu dudana baino askoz ederragoa izan zen. Etxahunek besarkada eman eta belarrira «asko pozten naiz» esan zidanean satisfakzio handia hartu nu- en. Ahaleginek errekonozimentua izan dutela sentitu nuen.
Finaletik ia astebetera zelan dago Onintza?
Zapatuan, Como una ola eta, orain, Maria gora maria behera Itoitzek abesten zuen moduan. Irudiak ikusten ditudanean negar batean hasten naiz. Lanera joan behar dut, eta gorabehera handiekin nago. Poz handi batean murgilduta sentitzen naiz, baita nahaste handi batean ere.
Zazpigarrenean irabazi. Lehen finaletik hona asko aldatu zara?
Bizitza garapen metagarria da. Garatzen goaz. 2006tik gaur arte, bi urterik behin prestatu ditut txapelketak, lan asko egin dut. Zazpigarrenera aurretik egin dudan lan guzti horregaz iritsi naiz. Hazi egin naiz, esperientzia gogorrak bizi izan ditut urte hauetan. Guztia metatuz doa, eta 2018an sentipen horiek guztiak bideratzeko eta laburbiltzeko bide bat aurkitu dut.
Zelan ikusten zenuen zure burua finalean?
Estu. Aspaldian ez naiz final bat hasi aurretik hain urduri egon. Arratsaldeko lauretan zozketa egin, eta 17:00etarako tartea oso luzea egin zitzaidan. Momentu pertsonal on batean sentitzen naiz, baina finalera begira oso urduri nengoen. Orain bi urte presio gehiago neukan, kinieletan nengoen; oraingoan ez. Alde horretatik, presio gutxiago izan dut, baina txapelketa ez nuela ondo prestatu pentsatzen nuen.
Buruz burukora pasatzea ezustekoa izan zen?
Hamarreko txikian, Etxahunek «Onintza oso ondo zoaz eta eutsi horri» esan zidan. Ondo ikusten nuen nire burua, baina besteak ere ondo ari ziren. Norberak bere burua buruz burukoan ikusteko segurtasun handia behar du; nik ez nuen horrelakorik. Behin buruz burukoa amaituta, «edo berak edo zuk irabaziko duzu» esaten nion nire buruari. Orduan konturatu nintzen irabaz nezakeela; oso handia den zerbait gerta litekeela. Gertatu egin zen.
Noiz jo zuen goia saioak?
Momentu askotan lehertu zen finala ikusi nuen, zabalik zegoena. Buruz burukora zeintzuk pasatuko ginen jakiteko zalantza asko zeuden. Denek zuten irabazteko aukeraren bat. Momentu on asko izan zituen. Nerea eta bion zortziko txikia oso ederra izan zen, eta Etxahun eta Xabat ere ondo aritu ziren, baita Abarkas hamarreko txikian ere. Seiko motza oso gai delikatua eta hunkigarria izan zen. Gozatzeko uneak egon ziren.
Txapela eta makila lehenengoz emakume baten eskuetan.
Ardura hau ederra da. Bizkaiko txapela lortu duen lehen andrea izatea gauza handia da. Edozein izanda ere, gauza handia izango zen. Urte batzuk daramatzat honetan, eta errekonozimendu hau merezi dudala sentitzen dut. Gero ohartu naiz historia egin dudanaz. Gauza handia da hori, leku bat irabazi dut. Aitona izan zen Bizkaiko lehen txapelduna, eta gero, ni lehen andrea. Harrotasun handia sentitzen dut nigatik eta bidea zabaltzen hasi ziren guztiengatik. Gogorra izan zen hasiera, eta bidea zabaltzen animatu ziren horiengatik harro sentitzen naiz.
Neska ahalduna aipatu zenuen azken agurrean. Aldarrikapenak bere lekua behar zuen.
Gazteak ginenean hasi ginen bertsotan, eta ez genekien ahalduntzea zer zen. Kolpeka ikasi ditugu gauzak, eta entzuleen begiradapean indartzen joan gara. Gure diskurtso propioa daukagu, baita egoteko modu propioa ere, eta hori erakusteko etorri gara. Ibilian ikasi dugu, eta gaur egun, bertsotan ahaldun sentitzen naiz, baina hori sentitzea lan eta kilometro asko kostatu zait.
Final parekideak aipatu dira azkenaldian. Egoera asko aldatu dela esango zenuke?
Aldatzen doa. Hala ere, ikerketa baten arabera, bertsotan urte osoan egiten diren plazetan %20 bakarrik dira neskak. Emakume asko ikusten dira, baina lan handia dago egiteko. Nerabezaroan plazara salto egiteko unea iristen denean neskak erretiratu egiten dira, epaituta sentitzen direlako. Neskek «bertsolaria naiz» esateko urteak pasatu behar dira, eta mutilek hasieratik diote; hori bada zerbaiten erakusle.
Plazetan ere igartzen al da?
Laugarren aldiz lau emakume egon ginen finalean, eta inor ez zen neska izateagatik heldu. Herriko plazetan, baina, gizonezkoak gizonezko izateagatik gonbidatzen dituzte, neskak neska izateagatik gonbidatu beharrean. Elitean argi dago dena. Inork ez du zalantzan jartzen Maialen Lujanbio dela onena. Kezkatzen nauena «normalak» diren bertsolarien artean herriko jaietara hiru mutil eta neska bakarra eramateko erabakia da. Inertzia asko apurtu behar dira oraindik.
Osabak jantzi zizun txapela, eta aitona izan zenuen gogoan agurrean. Transmisioaren adibidea da zuen familia.
Txapela osabak jartzea oso berezia izan zen. Berak jantzi ez balit, baliteke beste agur bat botatzea. Bertsolaria banaiz, aitonarengatik da. Berak sartu zidan grina. 15-16 urtegaz bertsotan egiten nuenean, nire ahaleginak beste Enbeitatar bat ez izateko ziren. Onintza izan gura nuen, ahots propioa eduki. Lortu dut, baina ez dut ahazten nondik natorren, eta harro nago.
Aitonak bertan ikusi bazintu?
Harro egongo zela uste dut, nitaz eta bertsolaritzan lortu den guztiagaz. Gerra ostean ibili zen bertsotan, euskara galazota zegoenean. Bertsolaritza berriro plazaratzeko ahalegin handia egin, eta Bizkaiko Txapelketa sortu zuten. Bertsoa eskoletan presente egotea, bertso udalekuak izatea, bertsotan edonorentzat lekua egotea… Harro sentitzekoa da. Txapelketan norberak gura du irabazi, baina bertsolaritza helburu kolektiboa da.
Amestutako finala izan al da?
Planeta guztiak elkartu ziren, kosmosa nire alde egon zen, eta aprobetxatzen jakin nuen. Orain urte batzuk niri norbaitek nire ametsetako gidoi bat idazteko esango balit, nik ez nukeen hain gidoi ona idatziko. Etxahunegaz jokatu nuen buruz burukoa, eta nik beti nahi izan dudan gauza da hori. Maitek eta Idoiak esan zuten nire izena, eta biak pertsona kuttunak dira niretzat.
Halaber, Ibarzabal eta Galletebeitia asko hunkitu ziren.
Oso momentu polita izan zen, elkarren alboan tokatu zitzaigun, eta lehenago ere batera ibili gara entrenatzen. Eureri esker ez nuen kontrolik galdu. Eurak hain pozik ikustea ederra izan zen.
Plazari berak emandakoa itzuliko zeniola esan zenuen.
Bizkaian oso bertsolari maitatua sentitu naiz, eta hori txapelak ez du aldatuko. Plazetan jarraitu gura dut, eta jendeari niri eurek eman didatena eman nahi diet, hori da nire konpromisoa. Txapela hobetzen eta ikasten jarraitzeko motibazioa da. Bertsoak daukan onena da plaza. Txapelketak gauza asko ditu, baina plaza leku zoragarria da. Jendea mahai baten inguruan txaloak eta barreak botatzeko prest egotea da bertsolaritzaren magia.
Txapela ez da estreinatu berri duzun bakarra. Gure Doinuakekin aurrera eta atzera zabiltza.
Oso esperientzia ona izaten ari da. Sekulako taldea daukagu, eta kontatzen ditugun istorioak oso politak dira. Oso gustura nabil, momentu on batean nago.