Utopista diskoagaz aurrera eta atzera ibili da aurten Dientes de Luna. Durangoko Azokan egon eta gero, Madrilen agurtu zuten urtea, eta orain hirugarren lan luzea prestatzen dabiltza.
Milaka kilometro. Hainbat eta hainbat egonaldi eta geltoki desberdin. Nekea eta gozamena. Baita bizipenez beteriko esperientziak ere; horiek dira birak. Utopista lanagaz aurrera eta atzera kontzertuak ematen ibili eta gero, Dientes de Luna talde gernikarreko kideek amaitu dute aurtengo joan-etorria. Orain, martxoan estreinatuko duten hirugarren lan luzearen prestakuntzagaz buru-belarri dabiltza.
Esperientziez bete dute maleta aurten. Urtarrilean aurkeztu zuten Utopista lana, eta martxotik ekainera bitartean Euskal Herriko hainbat eta hainbat herritan erakutsi zuten diskoa; baita Katalunian ere. Udan geldialdia eginda, irailean oholtzara igo ziren berriro, eta Euskal Herrian ezeze, Espainiako zenbait hiritan ere aritu dira. Azkenengo emanaldia abenduaren 8an eman zuten Madrilen.
Dientes de Luna taldea Durangoko Azokan. Argazkia: Jon Crespo
Lander Egia, Aimar Cid, Unai Bilbao eta Joseba Mugartegigaz batera, aurtengo biran Amaiur Zugadi eta Gorka Etxeberria ere aritu dira; dagoeneko Dientes de Luna taldearen parte dira. Zugadik bira hasi zuen taldeagaz, eta Etxeberria beranduago hasi zen. Beraien ekarpena “sekulakoa” dela aitortu dute taldekideek, eta musikalki asko nabaritzen dela euren eragina diote: “Pentsatzeko bi buru gehiago dira, baita eztabaidatzeko ere”.
“Oso pozik amaitu dugu guretzako garrantzitsua izan den bira hau”, aitortu dute taldekideek. Izan ere, urte osoan zehar han eta hemen izan duten oihartzuna ez zuten espero: “Ez genuen horrenbeste kontzertu ematea espero, ez eta jendearengandik jaso dugun erantzuna edukitzea ere. Harrituta gaude”.
Euskal Herriko herri handi eta txikietatik pasatu dira, baita Bartzelona, Oviedo, Valentzia eta Madrildik. “Etxean eta etxetik kanpo taldeak zelako harrera duen probatu gura izan dugu, eta balorazio oso positiboa egin dugu”, diote seirek. Pentsatu gabe errepikatuko zuten esperientzia izan dela diote, eta toki desberdinetan jendea euren abestiak kantatzen entzutea “sekulakoa” izan dela onartu dute.
Harrigarriena kanpora joan eta jendeak abestiak jakitea izan dela onartu du Egiak. Aretoetan jasotako berotasuna azpimarratzen du Mugartegik.
Apirilean etxekoen aurrean aritu ziren, eta kontzerturen bat aukeratzekotan hori aukeratuko zuela dio Zugadik: “Etxean jotzeak exijentzia gehiago eskatzen du, baina kristorena izan zen Iparragirren emandako kontzertua, asko gozatu nuen. Oholtzara atera baino lehenago oso urduri geunden, baina sekulakoa izan zen”.
Agurra, baina, Madrilen eman zuten. Han ere ez zutela hainbeste jende espero dio Cidek: “Madrilgo jendea joan zen, baita Madrilen bizi diren euskaldun asko ere. Gure kantuak abesten egon ziren, eta utopikoa izan zen”.
Durangoko Azoka. Ahotsenean aritu ziren Dientes de Lunako kideak Durangoko Azokan, eta esperientzia “berezia” izan zela diote. Euskarazko abestiak abestu zituzten, eta denbora gehiagoan jotzen egoteko gogoekin geratu zirela aitortu dute. Postura ere herritar “asko” gerturatu zitzaizkien, balorazio “ona” eginez.
Duela bi aste amaitu zuten bira, eta bukatzeko gogoa izan zuten arren, orain, faltan botatzen dituzte eszenatokiak. “Bira bukatzen joan ahala, azkenengoz jo ditugu hainbat abesti. Kanta berriak datoz, eta zaharren bat edo beste bidean geratuko dira”. Arlo pertsonalean “asko” ikasi dute, “inor ez baita ikasita jaiotzen”. Eta gainera, lagun berriak egin dituztela diote, bertokoak ez diren taldeekin aritu dira, eta hartu-emanak mantentzen dituzte.
Martxoan, lan berria. Dagoeneko ia dena zehaztuta dauka Dientes de Lunak. Lan berriari ukitu txikiak besterik ez zaizkio geratzen. Martxoan aurkeztuko dute hirugarren lan luzea, eta Utopista lanaren jarraipena dela onartu dute: “Utopista lanaren eboluzio naturala da. Hala ere, pauso ausartak eman ditugu”.
Ikasi dutena musikagaz landu nahian berrikuntzak sartu dituzte, baina, taldearen esentzia nabaritzen dela diote. Hala, rock-a muga desberdinetara eraman gura izan dutela azaldu du Etxeberriak: “Oinarria gure estiloa da, baina badaude desberdinak diren abestiak ere. Nabaritzen da zeintzuk diren Utopistaren jarraipen zuzena, eta zeintzuk beranduago landutakoak”.
“Ez genuen horrenbeste kontzertu ematea espero, ez eta jendearengandik jaso dugun erantzuna edukitzea ere. Harrituta gaude”
Hiru hilabete barru aurkeztuko dute, eta urte osoan joan etorri asko izan dituzten arren, udan geldialdia egin zuten lan berria prestatzeko. “Utopistaren jarraipena da, eta nahiko jarraian publikatu nahi dugu. Hori prestatzeko, derrigorrean gelditu behar izan ginen udan”.
Hala ere, urte osoan zehar egon direla konposatzen dio Cidek, landutako edukia dela aurreratuz. “Urtean konposatu duguna bi hilabete horietan zehaztu dugu. Ordu askotako lana da hurrengo diskoa”.
Dientes de Lunako taldeekideek, kontzertuetan beti eskertzen diete jasotako berotasuna bertaratutakoei, eta esker bereziak eman nahi dizkiete bira osoan beraien emanaldietara hurbildu direnei. ” Etorri direnei eskerrak, baina baita beti egon direnei ere, taldeagaz mantentzearren”.