Mundakako eta Sukarrietako Udalek Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzua partekatuko dute
Mundakako Udalak aipatutako zerbitzua Sukarrietako Udalagaz partekatzeko hitzarmena sinatuko du.
Mundakan, martitzen guztietan eskaintzen dute zerbitzua. 10:00etatik 11:00etara bitartean eta 18:00etatik 19:00etara bitartean ere, Mundakako Kontsultategian. Familia medikuaren edota erizainaren gomendioak jarraituz, mundakarrek eta sukarrietarrek ohiturak aldatzeko eta jarduera fisikoa erregulartasunez egiteko aholkularitza, gida eta laguntza jaso ahal izango dute.
Mundakako udal kirol teknikariak eskainiko du zerbitzua, Osakidetzako mediku zerbitzuak koordinatuta. Modu horretara, sedentarismoa murriztea da udalen helburua, eta aldi berean ohitura onak hartzeko laguntza ematea: “jarduera fisikoak onura asko dakartza, mugimenduetan segurtasuna eta autonomia eskainiz eta buruko egoera, emozionala eta soziala hobetuz”.
Baldintza berberak. Zerbitzua partekatzeko hitzarmena “laster” sinatuko dutela nabarmendu dute udaletako ordezkariek. Hitzarmenagaz, Sukarrietako bizilagunek laguntza horiek “egun berean eta baldintza berdinetan” jaso ahalko dituztela azaldu dute. Zehaztu dutenez, hitzarmenak urtebeteko epea edukiko du, eta epe hori luzagarria izango da zerbitzuak irauten duten bitartean.
“Hitzarmen honi esker gure herritarrek hobeto bizitzen ikasteko zerbitzua izango dute eskuragarri, gizarte osasuntsu eta aktiboa izateko. Herrien artean laguntza eskaini eta baliabideak partekatu behar ditugula uste dugu. Mundakako Udalari eskerrak emon gura dizkiogu bere eskuzabaltasunagatik”, azaldu du Erruki Goiriena Sukarrietako alkateak.
Aitor Egurrola Mundakako alkateak, bere aldetik, zerbitzua Sukarrietagaz partekatzearren “oso pozik” daudela adierazi du. “Ohitura fisiko osasungarriak egunero praktikan jartzen duen gizarteak bizi kalitatea hobetzen du. Etxean, lanean, egunerokotasunean edo aisialdian ohitura onak hartzea ezinbestekoa da. Nola egiten dugun da garrantzitsua, kotxean joan ordez oinez joatea, gorputz jarrera onak hartzea… Eguneroko gauza sinpleetatik kirol praktika zorrotzetara”.