Familia Elkargunea inauguratu dute Mankomunitateak eta Jaurlaritzak
Gernika-Lumoko elkargunea epaileek ezarritako bisitak egiteko topagunea da. Ongizate eta segurtasun bermeak eskaintzen ditu. Orain arte, Bilbora joan beharra zegoenGernika-Lumoko Familia Elkargunea inauguratu zuten atzo goizean. Maria Jesus San Jose Eu...
Gernika-Lumoko elkargunea epaileek ezarritako bisitak egiteko topagunea da. Ongizate eta segurtasun bermeak eskaintzen ditu. Orain arte, Bilbora joan beharra zegoen
Gernika-Lumoko Familia Elkargunea inauguratu zuten atzo goizean. Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justiziako sailburuak eta Ana Hormaetxe Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko presidenteak hitzarmena sinatu zuten udalerriko Gurutze Gorriaren egoitzan (Juan Kaltzada 63). Bertan dago Familia Elkargunea.Aipatu zerbitzua Busturialdera ekartzea berri pozgarria dela azpimarratu, eta epaileek ezarritako bisitak egin ahal izateko familia elkarguneetara joan behar duten adingabe eta familiekin duten konpromisoa berretsi zuten.
Familia Elkargunea eskualdeko familien bizi kalitatea eta ongizatea sustatuko dituen zerbitzua dela esan zuen Mankomunitateko presidenteak. Orain zabaldutako elkarlanerako bidea beste arlo eta zerbitzu batzuetarako eredugarria izatea espero dute, «herritarrek zerbitzu hobeak, hurbilak eta kalitatezkoak eskuragarri izan ditzaten nahitaezkoa delako erakundeen arteko lankidetza eta elkarlana».
Familia Elkarguneen bidez, adingabeek aitagaz, amagaz, tutoreagaz edo beste familiarteko batzuekin harremana izateko daukaten eskubidea bermatzen dute.
Doan erabiltzeko espazioak dira, eta ongizate zein segurtasun berme guztiak eskaintzen dituzte familia nukleoa adostasunik barik hausten den egoeretan zein gatazka, tratu txar eta beste hainbat egoeratan.
Profesionalen laguntza
Diziplina anitzeko talde psikosozialak eta adituak dituzte (hezitzaileak, psikologoak, gizarte langileak eta koordinatzaileak), eta horiek uneoro zaintzen eta babesten dituzte adingabeak. Hain zuzen, aldiro-aldiro profesional horiek txostenak egiten dituzte, eta epaitegientzat lagungarri dira.
San Josek nabarmendu zuen Familia Elkarguneen izaera aldibaterakoa dela, helburua bisitak elkargune horien beharrizanik barik egitea da eta. Hau da, harremanetarako halako lekurik behar ez izatea.
Hormaetxek eskerrak eman zizkion sailburuari, elkarlanean aritzeko agertu duten gogoagatik eta bertoko erakundearengan jarri duten konfiantzagatik. «Zerbitzu honen bitartez gure eskualdeko eta inguruko herrietako haur eta nerabeek eta beraien familiek arreta hurbila eta kalitatezkoa eskura izango dute». Gaur egun dozena erdi bat familia joaten dira Bilboko Familia Elkargunera tutoretzapeko bisitak eta trukeak egitera, eta hemendik aurrera, Gernika-Lumoko instalazioak erabiltzen hasiko dira. «Zerbitzua deszentralizatuta ume zein familiei Bilborako joan-etorriak zein bestelako deserosotasunak edo trabak saihesten dizkiegu», gaineratu zuen San Josek.
Zerbitzuaren beharrizana
Zerbitzua Gernika-Lumon izatea urteetako lanaren ondorioa dela zehaztu zuten, egitasmo hori posible egin duten erakundeak eta profesionalak aitatuz. Besteak beste, Mankomunitateagaz elkarlanean emakumeen aurkako genero indarkeriaren protokoloaren partaide diren erakunde eta baliabideak aipatu zituen Hormaetxeak, «urteetan zerbitzu honen beharrizana aldarrikatu dutenak».
Lea-Artibai eta Durangaldeko Mankomunitateak ere gogoan eduki zituen, Eusko Jaurlaritzagaz elkarlanean aritu direlako zerbitzu horiek herri txikietara hurreratzeko helburuagaz. Gernika-Lumoko Udalaren laguntza ere eskertu zuen, zerbitzurako leku egokia posible egin duelako, eta baita La Caixa Funda- zioa ere, ekipamendua beraien lankidetzari esker dutelako.
Sailburuak gogoratu zuen Lan eta Justizia Sailak Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Familia Elkarguneak kudeatzen dituela; legegintzaldi hasieran, Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan bost Familia Elkargune zeuden. «Urte hasieran jarri genuen martxan Bilboko Elkargune berria, eta apirilean Durangokoa inauguratu genuen. Tolosagaz ere prest daukagu hitzarmena. Apustu erabakigarri honek zehaztasunez islatzen du gizarteagaz, oro har, eta epaileak deribatuta Familia Elkarguneak behar dituzten adingabeekin eta familiekin, bereziki, dagoen konpromiso espiritua. Elkarguneetan 800 bat familia baino gehiagori ematen diegu arreta Bizgarri elkarteko profesionalen bidez, eta batez ere, 1.150 adingaberi, 3 urtetik 11 urtera artekoei». EHUko Kriminologia Institutuak jasotako 2017ko datuak eman zituen. 842 familiako 1.145 ume eta horien 1.719 senide artatu zituzten.