Ospakizun jai xume eta gozoa
Etxelilaren bosgarren urteurrena ospatu dute. Jende askok parte hartu du ospakizunean, eta udala pozik dago herritarrek eman duten erantzun onagaz. Orain arte egindako lanagaz jarraitzeko asmoa agertu dute.Etxelilaren lehen bost urteotako ibilbidea bal...
Etxelilaren bosgarren urteurrena ospatu dute. Jende askok parte hartu du ospakizunean, eta udala pozik dago herritarrek eman duten erantzun onagaz. Orain arte egindako lanagaz jarraitzeko asmoa agertu dute.
Etxelilaren lehen bost urteotako ibilbidea balorean jartzeko urteurren jaia goi-goitik ospatu zuten aurreko barikuan. Antolatzaileen esanetan, urteurren ekitaldia oso xumea eta gozoa izan zen.Ekitaldiaren hasiera Andrabandak girotu zuen, eta Bea Egizabal klown feministak ohiko umore puntuagaz gidatu zuen ekitaldia. Azalera taldeak, bestalde, Etxelila kantua aurkeztu zuen jendartean. Ospakizunak iraun bitartean, Txakur Gorriakoek ekitaldiari buruzko kontaketa grafikoa egin zuten, eta ospakizuna brindis bategaz amaitu zuten.
Jaiari dagokionez, «oso ondo joan zela» aitortu du Bisit Beiro Badiola Berdintasun zinegotziak. «Azkenean hainbeste gauza egiteko aukera eduki genuen. Hainbat herritar inplikatu dira urteurrena jaia posible egiteko, eta horien guztien lana eskertu nahiko nuke. Era berean, Rakel Eluri ere eskerrak eman, bereziki, Etxelilaren proiektua bultzatzearren hein handi batean».
Berdintasunari begira
Etxelila herrian ondo errotuta dagoen proiektua da, eta aurrera begira ere orain arteko lanagaz jarraitzeko asmoa agertu dute. «Etxelila posible egiteko apustu handia egin zuen bere garaian udalak, eta aurrera jarraituko dugu berdintasunari begira hitzaldiak, ikastaroak, tailerrak… antolatzen».
Gogorarazi dutenez, Etxelilaren helburu orokorra honakoa da: emakumeen topaketarako, eztabaidarako eta gogoetarako gune izatea eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko borrokaren erreferentzia gunea izatea.