Gospel kontzertua Bermeon, bihar
Goizargi Gospel Choir talde euskaldunak Gospel kontzertua eskainiko du Bermeoko Kafe Antzokian bihar, 20:00etan. Musical Artetaren eskutik eta estatu espainiarrean gospelean aitzindaria den Ramon Escale-ren zuzendaritzapean, Gozargi Gospel Choir gospel abesbatza Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamabi ahots onenetarikoek osatzen dute.
Taldearen “indarra eta kalitatea” nabarmentzen dituzte adituek, eta estilo honetan eredu izateko bidean dira.
Gazte taldea da Goizargi Gospel Choir. Taldekideen freskotasunak eta musika formazio onak bat egiten dute, gospel estiloaren alaitasuna eta sonoritatea agerian utziz. “Publikoak bere ikuskizunarekin gozatu egiten du, irribarrea hasieratik amaiera arte mantenduz”, esan du Aingeru Astui Bermeoko Kultura zinegotziak.
Sarrerak.“Kalitatezko kontzertua” izango dela eta gospel musikarekin gozatzeko aukera eskainiko duela azpimarratu du Astuik. Horregatik, bermeotarrak zein inguruko bizilagunak kontzertura gonbidatu ditu. Kultur etxean, Kutxabank-eko orotarako kutxazainetan eta kutxabank.es webgunean eskuratu daitezke sarrerak, 8 eurotan. Gazteek, 65 urtetik gorako helduek, langabetuek eta elbarrituek %25eko deskontua dute leihatilan.